Politika -
Kataluniako Galdeketa
Puigdemont Kongresura joatera gonbidatu du Espainiako Gobernuak
Bere asmoen nondik norakoak lehenbailehen azaltzeko gonbita luzatu dio Soraya Saenz de Santamariak, eta horri buruz eztabaidatzeko prest agertu da, indarrean dagoen araudia errespetatuz.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea Kongresura joatera gonbidatu du Espainiako Gobernuak, bertan bere erreferendum proposamenari buruz eztabaidatu eta hitz egin dezaten. Izan ere, Rajoyk gidatzen duen Gobernuaren aburuz, horixe da mota horietako auziak jorratzeko leku "egokia".
Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak eskaintza hori plazaratu du Puigdemontek bere asmoen nondik norakoak azaltzeko Bartzelonan eta Madrilen (datorren astelehenean) egin behar dituen agerraldien harira.
Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, aurretik ere mota horretako eztabaidak izan dira Espainiako Kongresuan, 2005ean Juan Jose Ibarretxek proposatutako herri galdeketari aipamen eginez.
?Araudia errespetatuz Kongresuan bere proposamenari buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko gonbita luzatzen diogu Puigdemont presidenteari?, esan du Soraya Saenz de Santamariak. Ildo horretatik, bilera hori lehenbailehen egin dadin Mariano Rajoyren Gobernua lanean dagoela azaldu du.
Independentziari buruzko galdeketa egiteko baimenik izango duen galdetuta, gaur egun indarrean dagoen araudia kontuan izanik ezinezkoa dela azaldu du presidenteordeak. Alabaina, legea errespetatuz Konstituzioa aldatu daitekeela azpimarratu du.
Gauzak horrela, Konstituzioak autodeterminazioari buruzko galdeketak egitea debekatzen duela esan du Soraya Saenz de Santamariak, baina gai guztien inguruan hitz egitea posible dela nabarmendu du.
Hala, sozialistekin eta Ciudadanosekin gai horren inguruan hitz egin duela jakinarazi du presidenteordeak.
Bestalde, Rajoyk eta Puigdemontek momentuz ez dutela hitz egin azaldu du, baina Kongresuan egingo litzatekeen eztabaidaren bidez bakoitza non dagoen jakitea posible izango litzatekeela gaineratu du.