Politika -
Heriotza
Juan Maria Vidarte hil da, lehen senatarietako bat
Halaber, Gernikako Autonomia Estatutua idazteko lantaldean parte hartu zuen eta Bizkaiko Abokatuen Elkarteko dekanoa izan zen.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Maria Vidarte hil da, Senatuaren lehen legealdian senatari izandakoa eta Gernikako Autonomia Estatutua idazteko lantaldean parte hartu zuena. EAJk ohar baten bidez jakitera eman duenez, atzo, osteguna, hil zen, 88 urte zituela.
Vidarte 1977. urtean aukeratu zuten senatari, Frente Autonomikoaren zerrendan. Zehazki, EAJk, PSEk eta Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra (ESEI) taldeek osatutako hauteskunde koalizioaren baitan.
Goiko Ganberan bi urtez egon zen. Ondoren, Bizkaiko Abokatuen Elkarteko dekanoa izan zen.
Andoni Ortuzar EBBko presidentearen hitzetan, “Vidarte abertzalea, kausa zuzen guztien defendatzailea zen, solaskide aparta eta anfitrioi hobea; ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko ahaleginak egin zituen herritarren mesedetan".
Halaber, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Vidarteren izaera goraipatu du. “Abertzale eta elkarrizketa zalea zen, adostasun bilatzailea eta akordio egilea. Zentzu juridiko sakona jarri zuen justizia,berdintasuna eta demokrazia defendatzeko jardunean”, esan du.