Politika -
Memoria historikoaren legea
Astelehenean hasiko dira kentzen Moyua plazan dagoen arrano frankista
Burua, hegoak, atzaparrak eta koroatze frisoa kenduko ditu Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Bilboko bere egoitzatik.
Radio Euskadi | Eitb.eus
Datorren astelehenean hasiko dituzte Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Bilboko Moyua plazan duen eraikinaren goialdean dagoen arrano frankista kentzeko lanak. Ikur hori Bizkaiko hiriburuan geratzen den frankismoaren aztarna nabarmenena da.
Elkarte eta erakunde askoren arabera, harrizko eguzki-arrano horrek Espainiako Memoria Historikoaren legea urratzen du, eta beste toki batzuetan dauden sinbolo frankistekin bezala, bertatik ken dezaten eskatu dute behin baino gehiagotan.
2014ko martxoaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin eta lokal publikoetan dauden sinbolo frankista guztiak kentzeko aholkatu zien Eusko Legebiltzarrak alkateei, tartean, Espainiako Ogasun Ministerioaren eraikinean ikus daitekeen ikur frankistari aipamen eginez.
2002an, harrizko eguzki-arranoa bertan uztearen alde agertu zen Bilboko Udala, balio handia duen "kultur ondarea" delakoan.
Alabaina, oraingo honetan, eta Bilboko Udalaren baimenak lortu ostean, Ogasun Ministerioak lanei ekingo die Gurtek enpresaren eskutik, zeina astelehenean hasiko den aldamioak jartzen.
Horrenbestez, eta Memoria Historikoaren Legea bete asmoz, burua, hegoak, atzaparrak eta koroatze frisoa kenduko ditu.
Horren aurrean pozik azaldu dira memoriaren aldeko elkarteak, tartean Ahaztuak elkartea; aitzitik, "berandu" datorren erabakia dela azpimarratu dute. Martxelo Alvarez bozeramailearen esanetan, erabakia gizarteak egindako presioaren ondorioz etorri da.