Politika -
Kupoari buruzko akordioa
PPren Gobernuak eta Jaurlaritzak 1.300 milioi eurotan ezarri dute Kupoa
Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak eta Cristobal Montoro Ogasun ministroak sinatu dute 2022a arte indarrean izango den ituna.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Kupoari buruzko akordioa sinatu dute arratsalde honetan Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adostutakoaren arabera, Kupoaren oinarria 1.300 milioi eurokoa izango datozen 15 urteetan.
Ituna sinatzeko ekitaldia Madrilen egin dute. Euskadiren izenean, Pedro Azpiazu, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak izan dira; Espainiako Gobernua, berriz, Cristobal Montorok eta zenbait Estatu idazkarik ordezkatu dute.
Akordioak 11 puntu ditu, tartean dago 2007 eta 2011 urteen arteko kupo eta konpentsazioen behin betiko likidazioa. Zenbateko hori urtean 5.000 milioi euro baino gehiagokoa zen.
2012tik 2015era egindako luzapenaren eta 2016ko behin-behineko kantitateak zehaztu dituzte: 6.000 milioi euro guztira, gutxi gorabehera.
"Akordio honekin ez dago irabazlerik, ezta galtzailerik ere; eta inork ezin du esan kaltetua izan denik", azpimarratu du Montorok.
Azpiazuk ere ituna ona dela esan du eta negoziazioak "legea eta gardentasuna oinarri hartuta" egin izana nabarmendu du.
(Cristobal Montoro, Pedro Azpiazu eta Josu Erkoreka. Argazkia: EFE)