Politika -
Eusko Legebiltzarra
Memoria eta Bizikidetza lantaldea abian, adostasun zabalen bila
Alderdiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Podemos Euskadi) ibilbide orria aurkeztuko dute, baina aurretik, Legebiltzarrean gaiarekin lotuta egindako lan guztiak bilduko dituzte.
agentziak | erredakzioa
Memoria eta Bizikidetza lantaldeak (alderdi guztiak daude, PP kenduta) lehenengo bilera egin du gaur Eusko Legebiltzarrean taldeen arteko "adostasun zabalak bilatzeko" asmoz.
Horixe adierazi du Ana Oregi EAJko legebiltzarkide eta lantaldearen presidenteak, bilera eratzailearen ostean emandako prentsaurrekoan,
Eusko Legebiltzarrak aurreko urtarrilean, EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren eta Podemos Euskadiren ekimenez, onartu zuen lantaldea sortzea, eta Oregik gogorarazi du zer jarri zuten helburu: "Memoriaren, bizikidetzaren, biktimen, terrorismoari eta indarkeriari zilegitasuna kentzearen, kartzela politikaren, askatasunaren, bakearen eta giza eskubideen inguruan adostasun zabalak lortzea".
Horregatik, azpimarratu du erabat ezarrita dagoela markoa. Gaurko bileran lantaldearentzat ibilbide orria aurkezteko epea erabaki dute.
Helburu horrekin, lehenik Eusko Legebiltzarrean gaiarekin lotuta egindako lanak bilduko dituzte, proposamenak horietan oinarritzeko, eta denborarik ez galtzeko lanak errepikatzen.
Astebeteko epea izango dute lan horiek biltzeko, eta gero alderdiei banatuko dizkiete, ekainaren 7an beste bilera bat egiteko.
Lantaldea PPren babesik gabe sortu zen, izan ere, popularrek ez dute parte hartu nahi, lantaldearen helburua terrorismoari zilegitasuna kentzea ez dela iritzita.