Politika -
Elkarretaratzea
Trenak harrapatutako gaztearen aurka 'ez jotzeko' eskatu dute Donostian
Mozal Legearen kontrako protesta batean parte hartzen zebilela Usurbilen, tren batek gaztea harrapatu eta zauritu du. Eleak mugimenduaren iritzian, ekintza "legitimoa eta beharrezkoa" izan da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eleak mugimenduko kideek elkarretaratzea egin dute igande honetan Donostian, eta Usurbilen zauritutako gaztearen aurka "ez jotzeko" eskatu diote Segurtasun Sailari.
Larunbat honetan Mozal Legearen kontrako protesta batean parte hartzen ari zen gaztea, Usurbilgo tren geltokian, Euskotreneko tren batek hura harrapatu eta zauritu duenean. Eleak mugimenduaren iritzian, ekintza "legitimoa eta beharrezkoa" izan da.
Jazoeraren unean hainbat lagun zeuden geltokian Mozal Legearen aurkako pintadak egiten. Trena abian jarri denean, gazte hori trenaren aurrean kokatu da, martxa oztopatuz. Orduan, "trenak gaztea harrapatu eta arrastaka eraman du", Eleak mugimenduak salatu duenez.
Jazotakoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute igande honetan Donostiako Boulevardean. Eleak mugimenduko kideek azaldu dutenez, atzoko ekintzaren helburua izan da Donostia eta Bilbo lotzen duen trena "Mozal Legearen aurkako horma-pintura ibiltari bihurtzea".
Harrapaketaren ondorioz, 20 urteko gaztea ZIUn dago, femur eta pelbisa apurtuta ditu, kolpe handia buruan eta kalteak biriketako batean, besteak beste.