Politika -
Ertzaintzaren arabera
Zarauzko zaborrontzien erreketa kale indarkeria izan zen
Hala ere, "aurretik pentsatutako eta prestatutako" erasoak ez zirela izan uste du Ertzaintzak. Poliziaren ustez, egileek sabotajea "berez" hasi zuten.
Erredakzioa
Zarauzko 30 zaborrontzien erreketa kale indarkeria izan zela ondoriozatatu du gaur Ertzaintzak. Ikerketaren arabera, atzo goizaldean izandako erasoak ez ziren "baldarkeriak" izan, kale indarkeria baizik.
Hala ere, "aurretik pentsatutako eta prestatutako" erasoak ez zirela izan uste du Ertzaintzak. Poliziaren ustez, sabotajea "berez" hasi zuten. Zaborrontziak erre zituztenekin batera erasoarekin "zerikusirik ez zeukaten beste pertsona batzuek" ere parte hartu zutela gaineratu du Ertzaintzak.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 30 zaborrontziei egindako erasoak ez zituzten era bateratuan egin, une berean, herriko 14 toki ezberdinetan. Antza, sua piztu zutenek kalez-kale ibili ziren, eta pixkanaka kontenedoreak erretzen joan ziren.
Lehen zaborrontziei talde bakar batek eman zien sua, eta beste pertsona batzuek gainontzeko kontenedoreak erre zituzten.
Ertzaintzak bi gazte identifikatu zituen. Horietako batek aurrekari penalak ditu istiluengatik eta kale indarkeriagatik.
38.000 euroko gastua
Zarauzko Udalak 37.827 euro ordaindu beharko ditu atzo goizaldeko erasoen kalteak ordaintzeko, eta erre zituzten 30 zaborrontziak ordezkatzeko.
Gaur, Zarauzko Udaleko talde politiko guztiek erasoa gaitzetsi eta "ondo antolatutako ekintza" izan zela gogoratu dute.
Libe Amilibia Urola-Kostako Udal Elkarteko presidenteak azaldu duenez, suteek Udal Elkarteak gaikako bilketarako erabiltzen dituen 30 zaborrontzi kaltetu zituzten, neurri desberdinean; papera jasotzeko 15; 9 edukiontzi arin; organikoa biltzeko bi, eta beira eta kristala biltzeko lau.
Kalteak konpontzeko zazpi langilek eta bost kamioi-garabik osatutako dispositibo berezia jarri zen abian: "Hori gehitzen baldin badiogu, guztira 30.823,2 euroko kostua ateratzen da".
Kopuru horri Zarauzko Udalak bere gain hartu beharko duena erantsi behar zaio: izan ere, "beste hiru kontenedore arrunt ere erre ziren (berdeak)", eta kale garbiketako eta brigadetako langileen kostua ere eduki behar da kontuan. Guztira, 7.000 euro inguru. "Ezin dira ahaztu ere etxe-aurrealdeetan, auto batean, zuhaitzetan, seinaleetan eta espaloietan izandako kalteak, oraindik zenbatu gabe daudenak", adierazi du.
Leihatila berezia
Horrez gain, Zarauzko Udalak leihatila bat ireki du herritarrek 30 zaborrontzi erre dituen kale erasoak eragindako kalteak salatzeko aukera izan dezaten.
Horrela azaldu dio Radio Euskadi hedabideari Jon Urien herriko alkateak, sabotajea inork beregain hartu ez izana "harrigarri" gertatu zaiola adierazteaz gain.
Ezker abertzaleak adierazpenik egin ez izanaz galdetu diotenean, Urienek azaldu du horrek bi esanahi baino ezin ditzakeela izan: "Edo ez dakite ezer, edo ez dute inplikatu nahi. Ezin esan genezake askorik, ez baitakigu nork erre dituen zaborrontziak; eurek jakingo dute zergatik geratu diren isilik".
Zaborrontziak goizeko 5:30 eta 6:30 bitartean erre zituzten herriko zenbait tokitan. Hainbat ertzain-talde hurbildu ziren sabotajeak gertatutako lekuetara eta bi pertsona identifikatu zituzten kalteen egile susmagarri gisa, atxilotu ez bazituzten ere.&' || 'nbsp;
Sua itzaltzen ari zirela, Ertzaintzaren bi agentek zauri arinak izan zituzten. Osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten, eskuetan eta besoetan izandako erredura txikiak artatzeko.