Politika -
Madrilgo Udala
Puigdemontek adostutako erreferenduma eskainiko dio Rajoyri Madrilen
Madrilgo Udalak areto bat alokatu dio Kataluniako presidenteari adostutako erreferendumaren eskaintza aurkezteko ekitaldirako.
agentziak | erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak adostutako erreferenduma eskainiko dio Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari maiatzaren 22an, Madrilgo Udalarena den areto batean. Rajoyk behin eta berriz egin dio uko eskaintzari, erreferenduma legez kanpokoa dela argudiatuta.
Rajoyk eta Puigdemontek adeitasunez eman dute bostekoa gaur, Bartzelonako Automobilaren Biltzarraren inaugurazioan, urtarrileko bilera isilaren ostean lehenengo aldiz, eta Rajoyk "deskonexiorako eta isolamendurako tentazioa saihesteko" deia egin du.
Ekitaldi horren ondoren zabaldu denez, Madrilgo Udalak Cibeles Jauregiko Musika Aretoa alokatu dio Puigdemonti Estatuari itundutako erreferenduma eskaintzeko ekitaldia egin dezan.
Ekitaldi horretan izango dira, era berean, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea eta Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilaria.
Puigdemonten ekitaldiaren izenburua "Erreferenduma Kataluniarentzat. Akordio demokratikorako gonbidapena" izango da, Governeko iturrietatik jakinarazi dutenez, eta politikariak, erakunde ekonomikoak, enpresariak eta eragile sozialak ere egongo dira bertan.
Puigdemontek atzo bertan aurreratu zuen "azken saiakera bat" egingo zuela datozen asteetan Rajoyrekin erreferenduma adosteko.
Bestalde, Jose Luis Martinez-Almeida PPren Madrilgo Udaleko bozeramaileak gogor kritikatu du Manuela Carmena alkatea, Puigdemonten ekitaldia Udalarena den areto batean egiten utziko duelako.