Politika -
Delitu sozietarioa
Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria inputatu du epaile batek
Concepcion Dancausaz gain, Mercamadrideko Administrazio Kontseiluko beste hamabost pertsona ikertuko ditu epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo 15. zenbakidun Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu du Concepcion Dancausa Espainiako Gobernuak Madrilen duen egungo ordezkariaren aurkako salaketa. Antza denez, Madrilgo Udaleko zinegotzia zenean, 2013. urtean, delitu sozietarioa egin zuen Mercamadriden. Gauzak horrela, epaile batek ikerketa ireki dio.
Concepcion Dancausaz gain, Mercamadrideko Administrazio Kontseiluko beste hamabost pertsona ikertuko ditu epaileak, delitu horretan parte hartu zutelakoan.
Fiskaltzak hamasei pertsona horien kontrako salaketa jarri zuen apirilean, tartean, Concepcion Dancausa, Pablo Gonzalez (Ignacio Gonzalez Madrilgo presidente ohiaren anaia) eta Enrique Nuñez (Madrilgo Segurtasun zuzendari nagusia) daude.
Madrilgo Epaitegian jarritako salaketa horren bidez, Mercamadrideko Administrazio Kontseiluko arduradunak ikertzeko eskaera egin zion Fiskaltzak epaileari. Antza denez, Mercamadridek udal lurrak errentan eman zizkion Merca Ocio 22 S.L. enpresari, baina, trukean, enpresa horrek ez zuen ezer ordaindu behar izan, eta Mercamadriden eskutik dirua jaso zuen. Gauzak horrela, Mercaociok dirua legez kanpo irabazi zuela salatu zuen Fiskaltzak.
Fiskaltzaren esanetan, Mercamadridek ez zuenez 698.397,70 euro jaso, Mercaocio enpresak “legez kanpoko irabaziak” lortu zituen. Gainera, 2013ko urriaren 1etik aurrera, enpresa horri 592.208 euro (BEZa gehitu gabe) ordaintzeko ardura hartu zuen. Bi urte geroago, 623.377 eurora igo zuten kopurua, eta 2032ra arte ordaintzen jarraituko ziotela hitzeman zuten.
2016ko urrira arte, Mercaociok 2.255.349 euro jaso zituen, bi areto kudeatu ahal izateko. Alabaina, gaur egun hutsik daudela eta, ondorioz, ez diotela irabazirik ematen dio Fiskaltzak.