Politika -
Memoria historikoa
Desadostasuna ezkerreko alderdietan Eroritakoen Haranaren inguruan
Podemosek eta ERCk ez dute PSOEk egindako legez besteko proposamena babestuko haiek aurkeztutako zuzenketak ez badira onartzen. Ciudadanos alde bozkatzeko prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Egindako iragarpenak ez dira bete, eta Francoren gorpuzkiak Eroritakoen Haranaren hobitik ateratzeko eta Memoria Historikoaren Legea gaurkotzeko PSOEk egindako legez besteko proposamena ez du Podemos eta ERC ezkerreko alderdien babesa lortu. Bi alderdi horien esanetan, sozialistek aurkeztu duten ekimena ez da nahikoa.
Astearte honetan, PSOEk egindako legez besteko proposamenaren inguruan eztabaidatu dute Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina horri buruzko bozketa ostegun honetan izango da. Dena dela, legez besteko proposamena izanik, aurrera aterako balitz ere Espainiako Gobernuak ez luke legea zertan bete.
Podemoseko ordezkariek ziurtatu dutenez, alderdiak egindako zuzenketak ez badira onartzen ez du PSOEren proposamena babestuko, eta baliteke bozketan abstentzioa ematea. ERCk, berriz, ez du baztertu kontra bozkatzea, horrek “zinismo politikoari monumentu bat egitea” suposatzen duelako.
Beste alde batetik, Alderdi Popularrak ez du ekimen horren alde bozkatuko. Ciudadanoseko diputatuak proposamena babesteko prest agertu dira, beti ere ERCk eta Podemosek egindako zuzenketak ez badira onartzen.
Gauzak horrela, ezkerreko alderdiek ez badute jarreraz aldatzen litekeena da ostegunean egingo den bozketan aurrera egiteko boto nahikorik lortu ezin izana.