Politika -
Kale erasoak
Bi ertzain zauritu dira Zarautzen, kale eraso baten ondorioz
Erredurak izan dituzte kontainer batzuetako sua itzaltzen saiatu direnean, eta osasun zentro batean artatu behar izan dituzte. Ustezko erasotzaileetako bi identifikatu egin dituzte.
Erredakzioa
Bi ertzain arin zauritu dira gaur goizaldean zenbait lagunek kontainer batzuei su eman eta horiek itzaltzen saiatu direnean, Zarautzen (Gipuzkoa). Kale erasoetan ustez parte hartu dutenetako bi identifikatu egin dituzte, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Zenbait kaletako kontainerrei eman diete su, herriko jaiak ospatzen ari den kostako udalerrian. Ertzaintzako patruilak bertaratu dira erasoak izan diren lekuetara eta ustez sua piztu dutenetako bi identifikatu dituzte.
Sua itzaltzen saiatu diren bi agentek erredurak izan dituzte eta osasun zentro batera eraman behar izan dituzte, nahiz eta zauriak arinak izan.
Alkateak erasoa gaitzetsi du
Jon Urien (Hamaikabat) Zarauzko alkateak erasoa gaitzetsi du, eta "aurrez antolatutako eta pentsatutako" ekintza izan dela gaineratu du. Zentzu honetan, "kale indarkeria" egiten dutenen aurka "irmo" arituko direla esan du.
Ohar batean, gertatutakoa "ondo aurreikusitako ekimena" izan dela azpimarratu du. Kalte asko izan badira ere, "handiak" izatera ez direla iritsi azaldu du, udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta suhiltzaileen lanari esker.
Alkateak esan duenez, zabor kontenedore berriak ipintzen 20.000 euro gastatuko ditu Udalak. Bere hitzetan, zarauztar guztiei egindako erasoa izan da.