Politika -
Aurkezpena
EAren sektore kritikoak proiektua aurkeztu eta hautagaitza osatuko du
Gaur aurkeztu duten dokumentuan zehaztu dutenez, idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeak, alderdiko liberatuen hautaketa irekia eta bi agintalditako muga defendatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Pello Urizarrek gidatzen duen Eusko Alkartasunaren zuzendaritzarekin bat egiten ez duen sektore kritikoko kideek proiektua aurkeztu dute Bilbon. Datozen urteotan alderdia gidatuko duen talderik onena eraikitzeko militantziaren laguntza izango dutela berretsi dute.
EAko hogeita hamar bat kargu publikok hartu dute parte ekitaldian: Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa eta Miren Aranoa nafarrez gain, Unai Ziarreta alderdiko presidente ohia eta Pablo Isasi Amurrioko alkate ohia ere izan dira, besteak beste.
Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotzi gasteiztarra da kolektiboaren bozeramailea, eta EAn "ziklo berria” abiatu nahi dutela azpimarratu du, "gardentasunean, parte hartzean eta barne demokrazian oinarrituta". Horiek dira, hain zuzen ere, gaur egungo zuzendaritzari ikusi dizkioten gabeziak, batez ere EH Bildu koalizioaren erreformari buruz erabakitzerakoan.
Lopez de Aberasturik nabarmendu egin du EH Bildurekin duten konpromiso garbia, tresna bakarra baita gehiengo subiranoa eta ezkertiarra osatzeko, koalizioko lau alderdiek (EA, Sortu, Aralar eta Alternatiba) ordezkatzen duten "aniztasuna" mantenduz.
"Ehunka militantek" babesten duten sektorearen oinarrizko dokumentua aurkeztu dute Bilboko ekitaldian. Dena den, aldaketak izan ditzakeela esan dute, militanteek egingo dituzten eztabaidek utzitako ekarpenekin.
Testuan azpimarratu dutenaren arabera, idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeak defendatu dituzte. Horrez gain, alderdiko liberatuak hautaketa ireki baten bidez aukeratu nahi dituzte, bi agintaldiko muga ezarri, eta EH Bilduko zerrendetan parte hartuko duten EAko hautagaiak izendatzeko lurraldekako zerrenda irekiak osatzeaz gain. Aldi berean, erabaki "esanguratsuak" hartzeko militanteei kontsulta egiteko beharra berretsi dute, baita hauteskunde programak eta gobernu koalizioak adosteko ere.