Politika -
TROITIÑOREN ESTRADIZIOA
Antton Troitiño Espainiako espetxe batean sartu dute
Estatu espainiarreko segurtasun indarrez inguratuta egin du Londres eta Madril arteko bidea, eta Auzitegi Nazionalaren esku utziko dute astelehenean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuko agintariek Antton Troitiño espainiaratu dute eta gaurlur hartu du Madrilgo Cuatro Vientos aireportuan, Soto del Realeko espetxean sartu aurretik, Espainiako Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez.
Estatu espainiarreko segurtasun indarrez inguratuta egin du Londres eta Madril arteko bidea, eta Auzitegi Nazionalaren esku utziko dute datorren astelehenean.
Londresko Auzitegi Nagusiak pasa den apirilaren 28an onartu zuen Antton Troitiño espainiaratzeko eskaria. Justizia espainiarrak eskatu zuen estradizioa, berriz, ETAko kidea dela egotzita. Ian Burnett eta Duncan Ouseley epaileek ez zuten onartu defentsak estradizioa atzeratzeko aurkeztutako eskaria; Erresuma Batuan immigrazioarekin lotuta egin beharreko epaiketa bat bukatu gabe zegoela argudiatu zuen defentsak.
Londresko Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, Erresuma Batuak hamar eguneko epea zuen espainiaratzea abian jartzeko.
Erresuma Batuak estradizioa baimendu zuenetik Londreseko Belmarsh segurtasun handiko espetxean egon da.
2.700 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 2011ko apirilaren 13an gelditu zen aske 24 urteko kartzela zigorra bete ondoren. Auzitegi Nazionalak Troitiño berriro atxilotzeko agindu zuen kartzelako urteak gaizki zenbatu zituela argudiatuta. Ordurako, ordea, Troitiño Londresera joana zen.