Politika -

Primarioak

Pedro Sanchezek bat egitea eskaini dio Patxi Lopezi, baina ezezkoa jaso du

Lopezen taldearen ustez, Sanchezek ez du bat egin nahi, Lopezen hautesleak bereganatu baizik. Gainera, proposatzeko modua kritikatu du, baina, bestelakoa balitz ere, ezetz esango zukeela argitu du.

Sanchez, atzo egindako ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Sanchez, atzo egindako ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Patxi Lopezek uko egin dio Sanchezekin bat egiteari

1:16

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi ohi eta maiatzaren 21ean sozialistek idazkari nagusia hautatzeko egingo dituzten primarioetarako hautagaiak esan du "ohore" handia litzatekeela eta "harro" legokeela Patxi Lopezek bere hautagaitzarekin bat egingo balu.

"Niretzat eta guretzat ohore handia litzateke bidelagun izatea, harro egoteko modukoa, PSOE alderdi sinesgarria, koherentea izan dadin berriro, militanteen parte hartzearekin", gaineratu du Sanchezek. "Ez dugu zertan maiatzaren 21era arte itxaron" PSOEren batasuna berreraikitzeko, horren hitzetan.

Alcala de los Gazules Cadizko udalerrian egindako ekitaldi batean adierazi duenez, Pedro Sanchezek "errespetu osoz eta umiltasunez" egin dio proposamena Patxi Lopezi.

"Harrotzeko modukoa eta ohore handia litzateke bidea elkarrekin egitea. Bide beretik goazenok elkarrekin joan behar dugu", azaldu du.

Patxi Lopez PSOEren liderra izateko hautagai eta lehendakari ohiak, baina, baztertu egin du Sanchezen eskaintza, Lopezen taldeak Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenen arabera. Gainera, Lopezen taldekoei ez zaie batere egokia iruditu Pedro Sanchezek nola eman duen bere eskaintzaren berri. Izan ere, sozialisten idazkari nagusi ohiak ez dio Lopezi deitu, eta Alcala de los Gazules herrian egin duen ekitaldian egin du iragarpena.

Lopezen taldearen arabera, Sanchezek ez du Lopezekin bat egin nahi, eta Lopezen hautesleak bereganatzea du helburu. Proposamen hori egiteko modua edozein izanda ere, euskal diputatu sozialistak ez zukeela eskaintza onartuko azpimarratu dute horren taldeko kideek.

PSOEren hiru hautagaiek euren aldeko sinadurak entregatu eta hurrengo egunera egin du eskaintza Sanchezek.

PSOEren idazkari nagusi ohiak 57.369 sinadura aurkeztu zituen atzo, Susana Diazek baino 5.213 gutxiago, Andaluziako sozialisten buruak 62.617 sinadura bildu baititu. Patxi Lopezek, aldiz, 12.000 baino ez zituen entregatu Ferrazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Patxi Lopez azken orduko berriak Pedro Sánchez bideoak PSE-EE berriak Gaurko azken ordukoa