Politika -

Udako jaietan

Patxi Lopez: 'Ez dugu begirunerik izango terrorismo goraipamenekin'

Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaiatik bueltan, Batasunari "merezi ez duen protagonismorik" ez ematea eskatu du lehendakariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako jaiak "terrorismoa goratzeko erabili nahi dituztenekin" Jaurlaritzak "begirunerik" ez duela izango berretsi du gaur Patxi Lopez lehendakariak. Zentzu honetan, ezker abertzaleari "indarkeriarekin betiko apurtzeko" eskatu dio lehendakariak.

Lopez Gasteizko jaietan izan da gaur goizean. Ameriketako Estatu Batuetatik bueltan etorri zenetik lehenengoz hitz egin du gaur hedabideen aurrean.

"Aurten ere" ezker abertzaleak herrietako jaiak "erabiltzea" ez duela onartuko azpimarratu du lehendakariak.

Alderdien bilerak Batasunarekin

Batasunak EArekin eta Aralarrekin egin dituen azken bilerei dagokionez, ezker abertzaleak "ETArekin apurtu bitartean, merezi ez duen protagonismoa ematea" gaitzetsi du lehendakariak.

Bere ustez, "indarkeriarekin apurtu egiten dutela erabakitzeko egiten duten bilera da interesgarria izango zaigun bakarra".

Espainiako selekzioa Gasteizen

Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatu izanari buruz ere aritu da lehendakaria. Patxi Lopezen ustez, Espainiako selekzioaren partida eta EAJk euskal selekzioek nazioarteko txapelketetan jokatzeko eskaera "aldarrikapen bateragarriak" dira.

Bere esanetan, oso "gauza ona izan da" Espainiako Saskibaloi selekzioak Gasteizko Buesa Arenan jokatzea eta pabilioia saskibaloi zaleez "gainezka egon" zela nabarmendu du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea