Politika -
Estatuko Aurrekontuak
EAJren eta PPren arteko akordioa ixtear egon daiteke
Kupoaz gain, beste gai batzuk ere jorratzen ari dira EAJren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak, jeltzaleek Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa eman diezaieten.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak negoziatzen jarraitzen du Espainiako Gobernuarekin Kupoaren likidazioaren inguruan dituzten desadostasunak konpontzeko, eta, "iritziak gerturatzen" ari diren arren, akordioa ez dago itxita, Europa Press albiste-agentziak Ekonomia eta Ogasun sailetako iturrietan oinarrituta jakitera eman duenez.
Asteburuan ere dokumentuak trukatzen eta negoziatzen jarraitu dute bi gobernuek, beraz, elkarrizketak ez du etenik izan.
Horren harira, aipatu iturriek zehaztu dute akordioa "orrazten" eta "iritziak gerturatzen" ari direla, nahiz eta oraindik gauza batzuk zehazteke dauden, eta horregatik, akordioa ixteke dagoen.
Kupoaz gain, beste gai batzuk ere jorratzen ari dira EAJren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak, jeltzaleek Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa eman diezaieten.
Negoziazioak etengabeak dira EAJk ostiralean osoko zuzenketarik ez zuela aurkeztuko iragarri ostean; izan ere, "akordio on bat" lortzeko gai ikusten dute euren burua jeltzaleek, gai garrantzitsu batzuk "desblokeatu" eta gero.
Hori dela eta, gaur ere hizketan jarraitu dute, eta horrela izango da etengabe asteazkena arte, orduan osoko zuzenketak eztabaidatzen hasiko baitira, hurrengo egunean bozkatu aurretik.