Politika -

estradizio prozedura

Joseba Vizan atxilotu dute Brasilen

Brasilgo Poliziak aurretik 2013an atxilotu zuen Vizan Rio de Janeiron; aitzitik, abokatuek egindako zenbait izapideren ostean, aske geratu zen.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortu alderdiak ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera, joan zen ostiralean Joseba Vizan Gonzalez basauriarra atxilotu zuten Brasilen, "asilo eskaria errefusatu" eta "bere kontrako estradizio prozedura" berriro martxan jarri ondoren.

Hartara, bere aurkako estradizio prozesua abian jarri dela jakinarazi diote; alabaina, bere abokatuek tramiteak hasi dituzte aske utz dezaten eskatzeko.

Rodrigo Janot Brasilgo fiskal nagusiak behin behinean espetxeratzeko eskatu zuen apirilaren 20an. Auzitegi Nagusi Federalera igorritako idazkian, Janotek Vivan Gonzalez Espainiaratzea eta, horretarako, bilatzeko eta atxilotzeko agindua "berehala" ematea eskatu zuen, Interpolen bidez.

Sorturen esanetan, "Madrilen mendeku-gose ase ezinak Brasileraino jazarri du Joseba, argi utziz Espainiako erresumaren itsukeria erabatekoa dela. Aipatu oharrean gaineratu duenez, "honelako neurriek ezer gutxi laguntzen dute bake eta bizikidetza agertoki berri batera hurbiltzen".

Horrez gain, Sorturen aburuz, apirilaren 8ko ETAren armagabetzea eta gero, "presoen kaleratzearen gaia jarri behar da mahai gainean, lehentasunez preso gaixoen gaia".

Brasilgo Poliziak aurretik 2013an atxilotu zuen Vizan Rio de Janeiron; aitzitik, abokatuek egindako zenbait izapideren ostean, aske geratu zen.

"Berehala libre" uzteko eskatu dute

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako taldeak Vizan "berehala libre" uzteko eskatu du.

Prentsa-ohar batean salatu duenez, "kapitalismoak munduan agintzen duen honetan, estatu gehienak errepresio bortitzarekin lerratzen dira"; hori dela eta, Vizanen atxiloketa "estatuen arteko lankidetza baino gehiago, merkatuen diktadurapean bizi den munduaren zapalkuntza politikaren ondorio gisa ulertu behar dugu".

"Euskal errepresaliatu politikoen jazarpena amaitzeko bide bakarra erabateko amnistia" dela azpimarratu ostean, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako taldeak adierazi du "amnistia heldu bitartean, errepresaliatuak munduko edozein tokitan babesteko aliantzak" ezin direla "kapitalismoa egonkortzeko lan egiten duen nazioarteko komunitate deiturikoarekin egin, baizik eta eragile iraultzaileekin, sistema kapitalista suntsitzea helburu dutenekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sorturen azken albisteak Presoak bideoak ETA albisteak Gaurko azken orduko albistea Brasil