Politika -
2017ko aurrekontuak
EAJrekin aurrekontuak 'laster' adostea espero du Rajoyk
EAJk aurrekontuen aurka osoko zuzenketarik ez aurkeztu izana nabarmendu du Rajoyk Europar Kontseiluak Bruselan egindako ezohizko bileraren ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, "balio politiko handia du EAJk aurrekontuen aurkako osoko zuzenketarik ez aurkeztu izanak". Halaber, "laster" aurrekontuak adostea espero duela aurreratu du, "kromo aldaketarik gabe".
EAJk aurrekontuen aurka osoko zuzenketarik ez aurkeztu izana nabarmendu du Rajoyk Europar Kontseiluak Bruselan egindako ezohizko bileraren ostean. Izan ere, bestela, ia ezinezkoa izango litzateke kontuak onartzea.
EAJrekin negoziatzen jarraitzen duela azpimarratu du, nahiz eta "oraindik ez dagoen ezer erabakita".
"Laster adostea espero dugu", azaldu du. Maiatzaren 3an eta 4ean eztabaidatu eta bozkatu dituzte Kongresuan gainerako alderdi politikoek aurkeztutako osoko zuzenketak.
Era berean, PPk 137 diputatu dituela gogoratu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Oraingoz, Ciudadanos, Coalición Canaria, UPN, Foro eta PAR alderdiekin erdietsi ditu akordioak.
"Dena den, hori guztia ez da nahikoa. Espero dut, eta, horretarako lan egingo dut, EAJrekin elkar ulertu ahal izatea", esan du.
Azkenik, garbi utzi nahi izan du "ez dutela kromo aldaketarik egingo", guztion interesak defendatzeko zer egin daitekeen aztertuko baitute.