Politika -

Ez dago pakturik

EAJk ez du aurkeztu osoko zuzenketarik aurrekontuen aurka

Aitor Estebanek esan duenaren arabera, "ez du baztertzen" EAJk oposizioko beste alderdiek aurkeztuko dituzten osoko zuzenketen alde bozkatzea. EH Bilduk, ordea, aurkeztu du osoko zuzenketa.

Aitor Esteban Kongresuan. Argazkia: EFE
Aitor Esteban Kongresuan. Argazkia: EFE
Aitor Esteban Kongresuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJko bozeramaile parlamentarioak, Aitor Estebanek, 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorren aurka osoko zuzenketak aurkezteari uko egin dio, baina azpimarratu duenez, akordiorik ez dute itxi oraindik.

Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyk jeltzaleekin zuzenean hitz egin ondoren hartu dute erabakia. "Presidentea erabakigarria da hurrengo orduetan", aitortu du prentsaurrekoan euskal diputatuak.

EAJko bozeramailearen esanetan, "hainbat gai" aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa izan da Rajoyren parte hartzea. Ez du gaien xehetasunik eskaini eta "garatzeko denborarik izan ez dutela" azpimarratu du.

Kongresuan egin duen prentsaurrekoan Estebanek esan duenaren arabera, "ez du baztertzen" EAJk oposizioko beste alderdiek aurkeztuko dituzten eta hurrengo astean bozkatuko diren osoko zuzenketen alde bozkatzea. Adierazi duenez, asteburuan egingo diren negoziaketen esku dago dena. Horrez gain, argitu duenez,"akordio bat lortzeko aukera handiagoa da gaur daukaguna, horrela izateko ildo argiak baitaude".

EAJk eta Espainiako Gobernuak negoziatzen ari diren gaiei buruz hitz egitea baztertu du, baina eduki ekonomikoa, politikoa eta administratiboa dutela aurreratu du.

Hala eta guztiz ere, Ogasun Ministeriorekin batera euskal Kupoaren gaia duela asko lantzen ari direla zehaztu du, eta elkarrizketetan aurrerapenak eta atzerapenak egon direla ere bai.

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du gaur Estatuko Aurrekontu Orokorren kontra, eta ohartarazi du horiei babesa ematea "PPren ustelkeria zuritzea" dela, "bake eta bizikidetza alorrean aurrera egitea oztopatzen duen" eta Euskal Herria "ukatzen" duen alderdiarena, alegia.

Marian Beitialarrangoitia koalizioko diputatuak Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, aurrekontuek ez dute "aurrera egitea ahalbidetzen" eta ez dira "irtenbidea krisi ekonomikoaren, sozialaren eta instituzionalaren aurrean".

Gogorarazi du PP Espainiako Gobernuan dagoenetik % 27 murriztu dela gastu soziala eta, gainera, "baikorregiak diren kalkuluak" egiten dituela, "zeharkako zergen bidez diru gehiago biltzearen alde eginez".

EAJk aurrekontuak babesteaz galdetuta, Beitialarrangoitiak esan du EH Bilduk beti erakutsi duela alderdi politiko "guztiekin hitz egiteko borondatea, elkarrizketa egunerokoan erabiltzeko tresna delako", baina horrek ez omen du esan nahi "gobernu ustela, antisoziala eta autoritarioa" babestu beharra dagoenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Rajoy albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua argazkiak Albisteak