Politika -

Auzitegi Nazionala

Iruñeko istiluak terrorismoa direla berretsi du Auzitegi Nazionalak

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak atzera bota du auzi honengatik espetxean jarraitzen duten hiru gazteek jarritako erreformako helegitea.

Martxoaren 11ko istiluak Iruñean. Artxiboko argazkia: EiTB
Martxoaren 11ko istiluak Iruñean. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Iruñean pasa den martxoaren 11n izandako istiluak terrorismoa direla eta gertatutakoa epaitzeko eskumena duela berretsi du, Auzitegi Nazionalak gaur jakinarazi duenez.

Epaileak atzera bota du auzi honengatik espetxean jarraitzen duten hiru gazteek jarritako erreformako helegitea. Haren esanetan, gertatutakoa ez zen desordena publikoko ekintza bakana izan; aitzitik, bake publikoan eragitea helburu, hiru atxilotuen artean hitzartutako indarkeriazko ekintza multzoa baizik.

Bere autoan, martxoaren 11an Iruñeko Alde Zaharreko hainbat kaletan izandako indarkeriazko ekintzak xehatu ditu epaileak.

Epailearen arabera, kaleko altzariak suntsitu eta hainbat saltokitan kalteak eragin zituzten, material piroteknikoa leherrarazi zuten eta hainbat pertsonari zauriak eragin zizkioten. Hori dela eta, gertatutakoa ez zela ekintza isolatua izan azpimarratu du.

Atxilotuek gertatutakoa ezin dela terrorismotzat jo adierazi badute ere, delituak larriak direla uste du epaileak. Are gehiago, bake publikoan eragin zutela eta poliziak zein inguruan zebiltzan herritarrak arriskuan jarri zituztela nabarmendu du.

Lamela epailaren esanetan, ez da beharrezkoa ustezko egileak talde armatu edo talde terroristako kide izatea, alabaina, nahikoa da elementu terroristekin harremana izatea. Beraz, auzia Auzitegi Nazionalean ikertu behar dela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Iruñea gaur Albisteak