Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk ezbaian jarri du AEBek terrorismoari buruz egindako txostena
Joseba Egibar GBBren presidenteak "zertan oinarritzen diren" galdetu du, ea "zehazki zer egiten den orain lehen egiten ez zena".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak zalantzan jarri du AEBek terrorismoari buruz egin duten txostena eta "zertan oinarritzen diren" galdetu du, izan ere, Patxi Lopezen Jaurlaritzak "ETAren kontrako politika sendoagoa ezarri duela" esan dute. Horren harira, ea "zehazki zer egiten den orain lehen egiten ez zena" jakin nahi du.
Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, txostena ez du irakurri, baina albisteetako "titularrak" bai. Horren harira, "aurreko urteetako txostenak non dauden" galdetu du, "aurreko egoerarekiko alderaketa egiten baita txostenean".
Ea "zehazki zer egiten den orain lehen egiten ez zena" jakin nahi du Egibarrek. Hala ere, "pentsatzen dut terrorismo islamiarraren mehatxua nola ulertzen duten ikusita egin dutela txostena. Eta badakigu amerikarrek nola aplikatzen duten segurtasuna. Atetik sartzen direnean, askatasunek eta eskubideek slto egiten dute leihotik behera".
Espainiako Itzulia
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren presidenteak Espainiako Vuelta Euskal Herrira itzultzea kritikatu du Espainiako "lurraldearekin identifikatzeko ekintza politikoa" izan delakoan, "selekzioekin gertatzen den moduan".
Egibarrek azaldu duenez, Vuelta Euskal Herritik igarotzen ez zela 20 urte igaro ostean, lasterketa ekartzea erabaki dute, nahiz eta "Estatuko eta Jaurlaritzako agintariek identitatearekin zerikusia zuten ekintzak ez zutela egingo esan".
Horren harira, Espainiako "lurraldearekin identifikatzeko ekintza politikoa" dela berretsi du Egibarrek. "Nik beste selekzio bat du, Euskal Herrikoa, baina ez da ofiziala Espainiaren betoagatik, edo pilotan, Frantziarenagatik. Baina nik ezin dut izan nire selekzioa ukatzen duen nazio baten aldekoa", gaineratu du Egibarrek.
"Posible da" dagoeneko Batasunarekin bildu izana
Bestalde, Egibarrek esan du "posible" dela EAJk Batasunarekin egin behar zuen bilera egina izatea, baina argi adierazi du ez duela baieztatuko edo gezurtatuko, bilera horiek ez dutelako "publiko izateko asmorik".
Egibarrek "normaltasun marko batean" kokatu ditu EAJk Batasunarekin dituen harremanak, hori dela eta, "pintzipioz" ez dute "publikoak izateko asmorik".
"Gutxi barru bilera egiteko intentzioa izango bagenu, ez genuke esango, eta argi dago bilera egin badugu prentsa ez dela ohartu", azpimarratu du.
"Elkarrizketa kriminalizatu nahi duenak demokraziari buruz duen ideiak ez du zerikusirik EAJk duenarekin", azaldu du Egibarrek kritiken aurrean.