Politika -

Arkauten

Agirresarobe eta Ezkerra bost egunez izango dituzte inkomunikatuta

Madrilera eraman aurretik, Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen hilketarekin lotura duten argitu nahi du Ertzaintzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalera eraman aurretik, Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburuaren hilketarekin lotura dutelakoan atxilotutako Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren legezko inkomunikazio epea agortuko duela baieztatu du Ertzaintzak.

Astearte goizaldean atxilotu zituzten Agirresarobe eta Ezkerra Hernanin eta ordutik, Arkauteko Ertzaintzaren egoitzan galdekatu dituzte. Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen 2001eko hilketarekin ere lotura duten argitu nahi du Ertzaintzak. Pagazaurtunduaren hilketan erabili zen pistola berarekin hil zuten Abad.

Pagazaurtunduaren familia

Maite Pagazaurtundua, Joseba Pagazaurtunduaren arrebak atxiloketa "urteetan irrikitatu" duten unea zela adierazi zuen atzo.

Hori horrela, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak, Estibaliz Garmendia anaiaren alarguna alboan zuela azaldu zuenez, Agirresaroberen atxiloketak "lasaitu moral bitxia" eragin du sendiaren baitan.

Agirresaroberen eta Ezkerraren senitartekoak

Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren senitartekoak eta lagunak haien egoeraz kezkatuta azaldu ziren atzo.

Hernaniko udaletxean emandako prentsaurrekoan, Lander Gonzalez Ezkerraren bikotekideak endekapenezko gaixotasun bat duela ohartarazi zuen eta bere medikuak, jarrera txarrak Ezkerrarentzat "tortura bat izan" daitezkeela azaldu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea