Politika -
Gure Esku dago
Euskal Herriko 50 udalerritan galdeketak egingo dituzte maiatzaren 7an
Gure Esku Dagoren esanetan, egun horretan Euskal Herrian orain arte egin den 'inoizko galdeketen olaturik handiena' egingo da.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko 50 udalerritan (Araba, Bizkai zein Gipuzkoakoak) eta auzo batean (Zubieta) galdeketak egingo dituzte datorren maiatzaren 7an, eta Gure Esku Dagok adierazi duenez, egun horretan Euskal Herrian orain arte egin den "inoizko galdeketen olaturik handiena" egingo da.
Hartara, Debabarrenako Gure Esku Dagok prentsaurrekoa eman du larunbat honetan, maiatzeko lehen asteburuan Eibarren, Elgoibarren, Mutrikun, Deban, Soraluzen eta Itziarren egingo diren galdeketen xehetasunak emateko. Aldi berean, Lasarte-Oriako dinamikak egun horretako galdeketan parte hartzea sustatzeko kanpainari hasiera eman dio martxa baten bidez.
Azkenik, Andoainen ere agerraldia egin dute 'Andoain esan' dinamika aurkezteko asmoz, "herritarrei hitza ematea ahalbidetzea helburu duen dinamika".
Jakinarazitakoaren arabera, honako udalerri hauetan egingo dira galdeketak: Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Soraluze), Durangaldea (Abadiño, Durango, Elorrio, Zornotza), Lasarte-Oria, Usurbil, Lea-Artibai (Aulesti, Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar), Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Uribe Butroe (Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri, Meñaka, Mungia), Uribe Kosta (Barrika, Berango, Fruiz, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz), Urola Kosta (Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia) Zeanuri eta Zubieta.