Politika -

Polizia-operazioa

Pagazaurtundua familiak dio 'itxaroten' ari ziren eguna heldu dela

ETAk hil zuen Andoaingo Udaltzaingoaren buruaren arrebak eta alargunak azaldu dute "urtetan irrikatu" duten momentua iritsi dela, eta "sentipen kontraesankorrak" dituztela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Pagazaurtunduaren sendiak (atzo haren ustezko hiltzailea atxilotu zuten Hernanin) dio atzokoa "itxaroten" ari zen eguna, "urtetan irrikatu" dutena iritsi zela, eta "sentipen kontrajarriak" dituztela. Era berean, eskerrak helarazi nahi izan dizkie Ertzaintzari eta Estatuko Segurtasun Indarrei.

Maite Pagazaurtunduak Estibaliz Garmendia anaiaren alarguna alboan zuela azaldu duenez, Gurutz Agirresarobe ETAko ustezko kidearen atxiloketak "lasaitu moral bitxia" eragin du sendiaren baitan.

Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak esan du Euskal Herrian "terrorismoari zilegitasuna kentzeko lidergo handiagoa falta" zela eta orain "badirudi" hori aldatu egin dela eta "aginte berriak mesede egin diola Ertzaintzaren zuzendaritzari".

Pagazaurtunduaren hitzetan, urteetan zehar "gauza asko ez ziren ondo egin", baina "dena aldatzen joan zen" eta Juan Jose Ibarretxeren azken garaian "hobekuntza txikia" eman zen.

Ertzaintzari kasua berriro irekitzea eskertu dio, eta esker ona Estatuko Inteligentzia Zentroari (CNI) eta Segurtasun Indarrei ere helarazi die, izan ere, profesional horien lanarengatik izango ez balitz ez litzateke "ETAren gainbehera egoera hau iritsiko".

Senideentzat eta gizartearentzat positibotzat jo du Josebaren ustezko hiltzaileen atxiloketa, "joko-arauentzat ez baitago inpunitatea baino gauza okerragorik".

Maite Pagazaurtunduaren arabera, terroristek ez dute "erantzukizunerako senik", euren ustez eurak baitira "biktimak", eta "nortasuna modu itxuragabean ulertzen baitute".

Pagazaurtunduaren ustez, ETAko kideek "nortasunaren inguruan nartzisismo patologikoa" dute; horren ondorioz, "aberriarekiko maitasuna eta aberriaren ikurrak gaizki ulertzen dituzte" eta euren moduan pentsatzen ez dituztenei jazarpena egiten diete.

Eusko Jaurlaritza

Bestalde, Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren atxiloketek "ETAren terrorismoaren amaiera hurbilago" dagoela uzten dute agerian, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren ahotan.

Azaldu duenez, "azken egunetan gertakariek bide onetik goazela erakusten digute, ETAren terrorismoaren bukaera hurbilago dagoelako, horregatik gaurkoa egun ona dela uste dut".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea