Politika -

Polizia operazioa

DNA frogek ahalbidetu zuten Agirresaroberen atxiloketa

Pagazaurtunduaren hiltzaileak krimena gertatu zen lekuan utzitako kafe katiluan atzemandako DNA arrastoek bat egiten dute atxilotuarenekin, terrorismoaren kontrako iturriek jakinarazi dutenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoaren buru ohia hil zuenak krimena gertatu zen lekuan utzitako kafe katiluan atzemandako DNA arrastoek ahalbidetu dute Gurutz Agirresarobe ETAko ustezko kide eta Pagazaurtunduaren ustezko hiltzailea atxilotzea, terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez.

Kafe katiluan jasotako DNA arrastoak atxilotutako ETAko ustezko kide guztienekin erkatzen ziren, baita kale indarkeriagatik atxilotutakoenekin ere. Zazpi urteotan ehunka atxiloketa izan badira ere, inork ez zuen positibo eman. Duela hilabete gutxi, berriz, Ertzaintzaren Terrorismoaren Kontrako Taldeak Gurutz Agirresarobe hernaniarrarengan jarri zituen susmo guztiak, nahiz eta fitxatu gabe egon ETAren laguntzaile gisa edo kale indarkeriagatik.

Duela hiru hilabete inguru, Ertzaintzak alkoholemia froga egin zion Agirresaroberi DNA frogak egiteko asmoarekin. Datu horiei esker, agenteen susmoak baieztatu egin ziren eta informazioa helarazi zioten Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileari atxiloketak agin zitzan.

Inkomunikatuta

Atzo Ertzaintzak Hernanin atxilotu zituen bi lagunak, Gurutz Agirresarobe eta Aitziber Ezkerra, Pagazaurtunduaren ustezko hiltzailea eta ustezko "beharrezko laguntzailea", komisarian daude inkomunikatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Aipatu iturrien arabera, gainera, atzo goizaldeko polizia-operazioak irekita jarraitzen du.

Pagazaurtundua sendiaren prentsaurrekoa

Joseba Pagazaurtunduaren sendiak prentsaurrekoa emango du 11:30ean, Santanderren, udaltzainburu ohiaren ustezko hiltzailearen atxiloketari buruz hitz egiteko.

Atzo, sendiak "hunkituta" zegoela aitortu zuen eta azpimarratu atxiloketekin "lasaitu moral handia" hartu zutela.

Atxilotuen senideen agerraldia

Atxilotuen abokatu batek, senideek eta medikuak, era berean, agerraldia egingo dute ordu berean Hernaniko plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea