Politika -
Frantziako hauteskundeak
Frantziako presidente izateko 11 hautagaiak, elkarrekin telebistan
Hauteskundeen lehen itzulirako hiru egun falta direnean, France 2 telebista kateak 11 hautagaiak elkarrizketatuko ditu, banan-banan. Dena den, ez da beraien arteko eztabaidarik izango.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulirako hiru egunen faltan, France 2 telebista publikoak 11 hautagaiak elkartuko ditu gaur gauean. Hautagai bakoitzari 15 minutuko elkarrizketa egingo diete, baina ez da beraien arteko eztabaidarik izango.
France 2 telebista publikoak 11 presidentegaiak batuko ditu ordutegi nagusian eskainiko den programa batean, lehen itzulirako hiru egun baino falta ez direnean. Telebista katearen hasierako helburua hamaika hautagaien arteko eztabaida antolatzea zen, baina horietako batzuen ezezkoa tarteko, planak aldatu behar izan zituen. Presidentegai batzuen iritziz, eztabaidaren eta hauteskunde egunaren arteko tartea txikiegia zen.
Eztabaidaren ordez, "Presidentetzarako hauteskundeak 2017, 15 minutu konbentzitzeko" izeneko programa eskainiko du France 2 telebista kateak. Lea Salame eta David Bujadas kazetariek 11 hautagaiak elkarrizketatuko dituzte, banan-banan, 15 minutuz, gainerako hautagaiak bertan direla.
Presidentegai bakoitzari egin beharreko galderei dagokienez, telebista kateko albistegietako erredakzioak bi gai aukeratuko ditu eta hautagaiak aukeratuko du hirugarrena.
Elkarrizketak amaitutakoan, hautagai bakoitzak bi minutu eta erdiko tartea izango du azken mezua emateko, aurkariei erantzuteko edo hautesleei zuzentzeko.
Azken inkestak
Azken inkesten arabera, hamaika hautagaietatik lauk benetako aukerak dituzte bigarren itzulira pasatzeko: Marine Le Pen ultraeskuindarra, Emmanuel Macron zentrista, Francois Fillon kontserbadorea eta Jean-Luc Melenchon ezkerreko hautagaia.
Harris Interactive etxeak gaur argitaratutako inkestaren arabera, hauteskundeen lehen itzulia orain egingo balitz, Macron izango litzateke hautagairik bozkatuena, botoen % 25 jasota (duela astebete egindako galdeketan baino puntu bat gehiago lortu du), eta Le Penek botoen % 22 eskuratuko lituzke (duela astebetekoan bezalaxe). Horien atzetik leudeke Francois Fillon kontserbadorea eta Jean-Luc Melenchon ezkerreko hautagaia, botoen % 19rekin.
Inkesten arabera, bigarren itzulian, Marine Le Penek galdu egingo lituzke hauteskundeak, aurkaria edozein izanda ere. Alderik handiena, baina, Macronek aterako lioke Le Peni. Bigarren itzulira horiek biak iritsiko balira, Macronek botoen % 66 jasoko lituzte, eta Le Penek, % 34.