Politika -
Bisita ofiziala
'Bakea giza eskubide unibertsala' izatea eskatu dio Urkulluk NBEri
Iñigo Urkullu lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu du Auschwitzeko deuseztatze eremuaren inguruan.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "bakea giza eskubide unibertsala izatea" eskatu dio gaur Nazio Batuen Erakundeari (NBE), "nazioartean berpiztutako gerra hotsei erantzunez".
Urkullu lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu du gaur goizean Zasole parkean, Auschwitzeko (Polonia) deuseztatze eremuaren inguruan, bertara egindakoko bidaia ofizialaren azken egunean. Gernikako Arbolaren kimu bat, errepikatu ezin den triskantza baten ikur gisa.
Lehendakariaz gain, landatzeko ekitaldian izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Janusz Chwierut Oswiecimeko alkatea eta Enrique Villamor Europar Tradizio eta Kulturaren aldeko Elkartearen presidentea. Haiekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Auschwitz Birkenau museoko ordezkariak eta 500 bat euskal eta poloniar gazte izan dira.
"Gerra eta indarkeriaren aurrean, Gernikako Arbola hau landatzen dugu Auschwitzeko lur honetan eta, hartara, elkarrekin baieztatzen dugu mundu hobe bat ereiteko konpromisoa dugula, pertsona guztien biziarekin, duintasunarekin eta giza eskubideekin begirunea duen mundu bat", azpimarratu du.
Iñigo Urkulluk gaineratu duenez, "Auschwitz eta Gernika herri senidetuek bake, justizia eta bizikidetzarako giza beharrizana adierazten dute".
Iñigo Urkullu lehendakariak 09:00etan abiatu ditu gaurko ekitaldiak bertan, Oswiecimeko Udaleko ordezkariekin, Malopolska eskualdeko presidentearekin eta holokaustoaren biktimak ohoratzen dituen museoaren arduradun zenbaitekin bilduta, Auschwitz-Birkenau kontzentrazio esparrura egindako bisitaren bigarren jardunaldian.
Atzo, bisita ofizialaren lehen egunean, Auschwitzen eta Gernikan gertatutakoaren irakaspen nagusia "giza duintasunarekiko errespetua" izan dela esan zuen lehendakariak.
Euskal ordezkaritzaren gainerako kideekin batera, Urkulluk biktimen aldeko lore eskaintza batean parte hartu zuen, eta minutu bateko isilunea egin zuen.
Lehendakariak esan zuen bi herriak "iraganak lotuta" daudela, "sufrimendua eta injustizia konpartitzen ditugulako eta gizakiaren bidegabekeria eta ankerkeria ezagutu genituelako".