Politika -

Polizia-operazioa

Ares: 'Zantzu guztien arabera, Agirresarobek hil zuen Pagazaurtundua'

Andoaingo Udaltzaingoaren buru ohia eta Manuel Gimenez Abad PPren senataria hiltzeko erabili zuten pistola berbera dela baieztatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du Joseba Pagazaurtunduaren hilketa gertatu zen lekuan aurkitutako zantzu guztien arabera, Gurutz Agirresarobe gaur atxilotutako ETAko ustezko kidea izan zela krimenaren egilea.

Ertzaintzak Erandion (Bizkaia) duen egoitzan emandako prentsaurreko batean, Aresek Hernanin egindako polizia-operazioa izan du hizpide, eta Pagazaurtunduaren eta Manuel Jiménez-Abad PPren Aragoiko buruzagi eta senatari ohiaren hilketetan pistola berbera erabili zutela baieztatu du. Aresek esan du, hala ere, pistola bera izateak ez duela esan nahi hiltzailea pertsona bera dela.

Sailburuak adierazi duenez, gaurko bi atxilotuek, Agirresarobek eta haren bikotekide ohiak, Aitziber Ezkerrak, “Donosti sarea”ri lotuta “zain” zegoen “talde bat” osatzen zuten eta ETAren aginduen zain zeuden.

Bizimodu normala

Bi atxilotuek “bizimodu normala” egiten omen zuten Hernanin, baina “ETArekin harremanetan” jartzen ziren, ikerketen arabera. Gainera, Ertzaintzak bazuen atxilotuen berri, azkenaldian terrorismoa goratzeagatik auzipetu dituztelako eta legez kanpo utzitako alderdi politikoekin harremana zutelako.

ETAri laguntzeagatik Ezkerra kartzelan izan zela gogorarazi du Aresek, eta poliziaren datuen arabera, “baliteke beharrezko laguntzailea izatea Joseba Pagazaurtunduaren hilketan”.

Deia arrebari

Aresek esan du atxiloketak egin bezain laster, goizaldean, Maite Pagazaurtundua hildako agentearen arrebari, alargunari eta amari deitu diela “albiste ona” emateko.

Sailburua gustura eta pozik agertu da bere laguna eta alderdikidea izan zenaren ustezko hiltzailea harrapatu dutelako.

Operazioa, irekita

Polizia-operazioak irekita jarraitzen duela gaineratu du, eta ez du baztertu atxiloketa gehiago izatea Agirresarobe eta Ezkerra galdekatu eta miaketetan atzemandako material guztia aztertu ostean.

Hilketa izan eta zazpi urtera

Krimena izan eta zazpi urtera atxilotu dute ustezko hiltzailea, duela urtebete martxan jarritako Terrorismoaren Kontrako taldeak, Ertzaintzako polizia zientifikoarekin elkarlanean, egindako lan “bikaina”ri eta “zehatza”ri esker, Herrizaingo sailburuaren esanetan.

Dena dela, “nik nahi nuena baino denbora gehiago” igaro dela onartu du Aresek, baina Ertzaintzaren “eraginkortasun profesionala” agerian geratu dela uste du.

“Urte ona askatasunarentzat”

Jaurlaritzako agintariak gaineratu duenez, “urte txarra izan da ETArentzat, baina ona askatasunarentzat”. Hori dela eta, “terrorismoaren azkenetan gaudela” iragarri du eta “azken esfortzu bat” eskatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea