Politika -

Polizia operazioa

Andoaingo alkateak "lasaitua" eta "poza" hartu du atxiloketekin

Estanis Amutxastegik (PSE) esan du Pagazaurtundua "lagun eta kide" zuela, "alderdian elkarrekin egiten genuen lan eta asko egin dugu herri honetan gobernatu ahal izateko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estanis Amutxastegi Andoaingo alkate eta Joseba Pagazaurtunduaren lagunak "lasaitua" eta "poza" hartu du udaltzainburuaren hilketarekin zerikusia izan dezaketen ETAko bi ustezko kide atxilotu dituztelako gaur goizaldean.

Amutxastegik azaldu duenez, Pagazaurtundua "nire laguna eta kidea zen, elkarrekin egin genuen lan alderdian eta asko egin dugu herri honetan gobernatu ahal izateko". "Lan egiten zuen horietakoa zen bera, sentsazio onak eta laudorioak besterik ez ditut beretzat", gaineratu du.

Alderdikidearen hilketan ustez parte hartu zutenen atxiloketa "ez da lasaigarria soilik, pozgarria ere bada", alkatearen esanetan, izan ere, argi adierazi du inoiz ez duela "lagunen edo kideen hilketa" barkatuko. Era berean, "hiltzaileak lehenbailehen kartzelan sar ditzatela" nahi du.

Agintari andoaindarrak azpimarratu du Pagazaurtunduak "ondarea" utzi duela eta "Joseba" zela "HB Alkatetzatik kentzeko lan egin zuenetako bat. 2003an hil izana pena handi bat da, orduko hauteskundeak irabazi genituelako".

ETAren kontrako operazioaz, alkate sozialistak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua izan du hizpide, operazio horietan "Rodolforen eskua" ikusten delakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea