Politika -

Maiatzaren 6an Gasteizen

Sarek manifestazioa deitu du, gaixotasun larriak dituzten presoen alde

Ehun bat lagun bildu dira Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean, Oier Gomezen askatasuna eskatzeko. Medikuak sei hilabeteko bizi-itxaropena eman dio preso gasteiztarrari.

Oier Gomez presoaren zigorra bertan behera uzteko eskatu dute Bilbon

0:57

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare Herritarrak manifestazioa deitu du maiatzaren 6rako Gasteizen, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eskatzeko. Tartean dago Oier Gomez. Ewingen sarkomak metastasia eragin dio garunean eta pelbisean eta bere egoera oso larria da: medikuak sei hilabeteko bizi-itxaropena eman dio. Parisko Auzitegiak asteazken honetan aztertuko du Gomez aske uzteko eskaera.

Sarek eta Bagoazek deituta, ehun bat lagun bildu dira eguerdian Bilbon Frantziako kontsulatuaren aurrean, Gomez aske uztea exijitzeko. Txosten bat helarazi diote kontsulari, honek Frantziako Justizia Ministerioaren esku utz dezan. Dokumentu horretan preso gasteiztarra aske uztearen aldeko "babes sozial, politiko eta instituzionala" bildu dute.

Amets Martinez Sareko ordezkariak esan du euskal gizarteak "argi eta ozen" adierazi duela ez dagoela arrazoirik gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzeko, "ez humanitariorik, ez legalik, ezta Euskal Herrian egun bizi dugun testuingurutik ere".

Ildo horretan, Frantziari galdetu dio ea Oierri "gerta dakiokeen edozer" azaltzeko gai izango litzatekeen.

Gasteizko eta Araiako udalak Gomez aske uztearen alde agertu direla eta Arabako Diputazioak nahiz Eusko Legebiltzarrak ere eskaera bera egin dutela gogoratu du Martinezek. Beraz, "Oier aske uztea gizartearen mandatua da", erantsi du.

Preso gasteiztarra muturreko egoera batean aurkitzen dela ohartarazi du, eta bera nahiz gaitz larriak dituztena gainerako 13 presoak libre uztea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Datozen egunetan konponbiderik ez badago, Sarek ekimen gehiago abian jartzea aztertuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak albisteak Albisteak