Politika -
PP-ren ustezko 'B kutxa'
Mariano Rajoyk lekuko gisa deklaratuko du Gürtel auziaren epaiketan
Aurretik beste bi aldiz baztertu du epaimahaiak. Oraingoan, ordea, deklaratzera deitzea erabaki dute, fiskalaren iritziaren kontra.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak lekuko gisa deklaratu beharko du Gürtel auziaren epaiketan. Hainbat ataletan dago zatituta auzia, eta lehen garaia (1999. eta 2005. urteen arteko jarduna ikertzen duena) epaitzen duen epaimahaiak hartu du erabakia. Hainbat hauteskunde kanpainatan idazkari nagusi eta zuzendari zenean, Alderdi Popularrean 'B kutxa' existitu zen ala ez ziurtatu beharko du. Europaren aldeko Abokatu Demokraten Elkarteak (ADADE) egiten duen herri akusazioak hirugarren aldiz eskatuta onartu dute.
Fiskaltzak, Estatuko abokatuak, PPren abokatuak eta defentsaren hainbat abokatuek kontra egin arren, onartzeko erabakia hartu da. "Froga onargarria dela uste du epaimahaiaren gehiengoak", esan du Angel Hurtado epaimahaiko presidenteak.
Concepcion Nicolas fiskalak saioaren hasieran esan duenez, Rajoyren lekukotza "ez da beharrezkoa". Espainiako Gobernuko presidentearen lekukotza urriko eskaeran atzera bota zutenetik "ez da ezer aldatu".
Fiskalak esan duen arabera, Rajoyren lekukotza "erredundante" izango litzateke epaiketaren une honetan. Argudiatu duenez, gobernuburuaren testigantzarekin akusazio partikularrak argitu nahi dituen gertakariak, hainbat akusatuek PPren B kutxatik onurak atera izana, beste froga eta dokumentuekin argitu da. Estatuko Abokatutzak ere bat egin du fiskalaren eskaerarekin.
Aurretik, 2016ko urrian eta otsailean baztertu zuen epaimahaiak gobernuburua deklaratzera deitzea.