Politika -

Polizia operazioa

Ertzaintzak Pagazaurtunduaren ustezko hiltzailea atxilotu du Hernanin

Gurutz Agirresarobe da bera, eta Aitziber Ezkerra ere atxilotu dute, Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburuaren hilketarekin lotura dutelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Terrorismoaren kontrako eta Informazio taldeak Gurutz Agirresarobe Pagola eta Aitziber Ezkerra Segurajauregi ETAko ustezko kideak atxilotu ditu bart Hernanin (Gipuzkoa), eta Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoaren burua zenaren hilketan parte hartzea leporatzen die, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Udalerri gipuzkoarreko bi etxebizitzatan izan dira atxiloketak. Agirresarobe goizaldeko lauak baino lehentxeago atxilotu dute, eta bere aurrean egin dute etxebizitzaren miaketa. Ezkerraren atxiloketa, berriz, haren etxean gertatu da.

Miaketak

Operazioaren baitan, ETAko ustezko kideen atxiloketaz gain, zenbait etxebizitza miatu dituzte eta dokumentazioa eta informatika gailuak atzeman, Ertzaintzak azter ditzan, aipatu iturriek zehaztu dutenez.

Ertzaintzak goizeko bederatzietan amaitu du Ezkerraren etxebizitzaren miaketa, eta istiluren bat izan da amaitu denean, atxilotuaren lagunek poliziaren autoari kolpeak eman dizkiotenean.

Ertzaintzak dagoeneko miatu ditu atxilotuen bi etxebizitzak, biak Hernanin, eta atxilotuen aurrean. Agenteek zenbait kutxa atera dituzte bi etxeetatik dokumentazioz beteta.

Efek terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta jakitera eman duenez, gaur goizean beste bi lokal eta etxebizitza bat miatuko dituzte.

Fernando Grande-Marlaska buru duen Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegiaren zuzendaritzapean egiten ari diren operazioak Ertzaintzaren ikerketak omen ditu iturburu. Izan ere, Ertzaintza 2000 eta 2005 artean ETAk egin dituen erasoak argitzeko ikerketak ari da egiten, atxiloketak izan badira ere oraindik argitzeke daudenak alegia.

Polizia-operazioak aurrera jarraitzen du eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago izatea.

Ezkerra kartzelan sartu zuten 2003an

Gaur goizaldean Hernanin atxilotu duten emakumeari, Aitziber Ezkerra Segurajauregiri, ETAko kideen garraioan parte hartzea leporatu zion Auzitegi Nazionalak 2003an.

Polizia-iturriek zehaztu dutenez, Ezkerra Gurutz Agirresaroberen neskalaguna zen Joseba Pagazaurtundua hil zutenean, 2003ko otsailaren 8an, eta urte hartako urrian atxilotu zuten ETAri laguntzea leporatuta.

Izan ere, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe kartzelatu zuen Ezkerra ETAren azpiegiturako kide izatea egotzita.

2005eko otsailean behin behineko askatasuna lortu zuen.

2003ko hilketa

Pagazaurtundua 2003ko otsailaren 8an hil zuten Andoaingo Daytona tabernan. 45 urte zituen, emaztea eta bederatzi eta hamabi urteko bi seme-alaba. Tabernan zain zegoen ETAko kide batek tirokatuta hil zen.

Gaur atxilotutako bi lagunetako bat, Aitziber Ezkerra, ETAri laguntzea leporatuta atxilotu zuten 2003ko urrian, eta Agirresarobe desordena publikoak egiteagatik atzeman zuten duela urte batzuk.

Gimenez Abaden hilketaren aztarnak

Atxiloketekin, gainera, Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPren presidentearen hiletaren aztarnak lor ditzakete, izan ere, Pagazaurtundua hiltzeko erabili zuten pistola berarekin egin zioten tiro buruzagi popularrari.

Aresen agerraldia

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du Joseba Pagazaurtunduaren hilketa gertatu zen lekuan aurkitutako zantzu guztien arabera, Gurutz Agirresarobe gaur atxilotutako ETAko ustezko kidea izan zela krimenaren egilea.

"Atxiloketak amaierara arte"

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan du Ertzaintzak gaur egin duen operazioak agerian uzten duela segurtasun indarrek duten helburua: "Atxiloketak egitea behin eta berriz, amaierara arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea