Politika -

Adierazpenak

'EAJk EH Bilduren bagoiekin bat egin' nahi duela salatu du Euskadiko PPk

Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiak adierazi duenez, 'ETAren baldintzarik gabeko desegitea ikusiko dugu', 'demokraziak terrorismoa garaitu zuela' ikusi zen moduan.

Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiaren artxiboko argazkia. EFE
Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiaren artxiboko argazkia. EFE
Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiaren artxiboko argazkia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusia kezkatuta agertu da "etorkizuneko Euskadi eraikitzeko asmoz, EH Bilduren bagoiekin elkartu nahi dituelako bereak EAJk". "Trenek talka egingo dutela" iruditzen zaiola esan du Fernandezek.

Horrez gain, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak "Gibraltargo ereduari" erreferentzia egin izanak "barrea" eragiten duela esan du. Ortuzarrek atzo aldarrikatu zuenez, "posible da Euskadi eta estatu espainiarraren arteko aldebiko harremana". Halaber, euskaldunek zergatik ezin duten "subiranotasun partekatua lortu" galdetu du buruzagi jeltzaleak, "Madrilek Gibraltarri eskaini baldin badio".

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Fernandezek aipatu duenez, "alderdi eta aktore politiko jeltzaleak elkarren arteko lehian ikusi zituen atzoko Aberri Egunean, ea independentzia xede duen eraikuntza nazionala nork defendatu indartsuen".

Era berean, buruzagi popularra kezkatuta agertu da, "EAJk bat egin nahi duelako EH Bilduren bagoiekin Euskadiren etorkizuna eraikitzeko; azken finean,  abertzaletasunarekin, erradikalismoarekin eta populismoarekin bat egin nahi du".

"Euskaldunok badakigu, bi bagoi horiek elkartuz gero, talka egitea bilatuko dutela", gaineratu du. Fernandezen iritziz, "aurreko adibideak ikusita, Lizarrako Ituna kasu, badakigu etengabe aurre aurre jarrita, ez dela oparotasunik iritsiko Euskadirentzat”.

ETAren agiria

Aberri Egunean ETAk atzo argitaratutako agiriari buruz hitz egin du Euskadiko PPren idazkari nagusiak. ETAk euskaldunen agendan protagonismoa bilatzea "ohikoa" dela azaldu du.

"Guk ez diogu ETAri protagonismorik eman nahi, desegin dela iragartzea baino ez baitugu espero, nahiz eta albistea behar zuena baino beranduago iritsiko litzatekeen", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euskadiko PP berriak Albisteak Alderdi Popularra Euskadi