Politika -

Ospakizuna

Euskal errepublika aldarrikatu dute Gernikako Aberri Egunean

EH Bilduk eta LABek bat egin dute Independentistak sareak antolatutako ekitaldiarekin.

Aberri Egunaren ospakizuna Gernikan. EiTB
Aberri Egunaren ospakizuna Gernikan. EiTB
'Herri libre' baten alde egin dute Gernikan, sare Independentistak deituta

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira gaur Gernikan (Bizkaia) Aberri Eguna dela eta, lehen "euskal errepublika" aldarrikatzeko. EH Bilduk koalizioak eta LAB sindikatuak bat egin dute deialdiarekin.

Azken urteotan egin duten moduan, Independentistak sareak Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia antolatu du. Aurten, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena izanik, Gernikan ospatu dute, orain dela bost urte bezala. Hori dela eta, Gernika Batzordea elkarteak hartu du parte antolakuntzan.

Manifestazio batekin ekin diote ospakizunari, "Askatasuna eta bakea. Euskal Herria erabaki!" lemapean eta ikurriña eta estelada ugari zituztela.

Aberri  Eguna 2017 Gernika EFE

Manifestazioa egin dute Gernikako kaleetan barrena. Argazkia: EFE

Gernikako kaleetan barrena "independentzia" leloa oihukatuz ibili ondoren, ekitaldi politikoa hasi dute, "Gernikatik independentziara" goiburua ardatz hartuta. Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, Aberri Egunak "subiranotasunaren prozesuaren ziklo berria" abiatuko du, "lehen euskal errepublika independientea" lortzeko. Berebat, "gizartearen gehiengo independentista sustatzea premiazkoa" iruditzen zaiola aldarrikatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentaria izan da ekitaldian, eta bat egiteko deia zabaldu du, "Guztion artean Euskal Herri askea" lortzeko. Iriarteren aburuz, ETAren armagabetzeak ekarri duen garai itxaropentsua euskal gizarteari zor diogu: "Haiek izan dira herri hau, behin eta berriz, dagokion tokira ekarri dutenak".  Zentzu horretan, euskal herritarrei "hegan" egiteko deia luzatu die, "I. euskal errepublika" aldarrikatzeko.

Horrez gain, Maiorga Ramirez parlamentari nafarrak ez ezik, Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko kideak ere hartu du parte. Ordezkari sindikalaren esanetan, "konpententziatan oinarritutako eredua agortuta dago" eta "ezinbestekoa da euskal estatua sortzea kapitalismoari aurre egiteko".

Halaber, Jordi Gaseni independentziaren aldeko herrien Kataluniako elkarteko (AMI) presidenteordea Gernikara joan da. "Amaierara heltzeko prest" daudela berretsi su Gasenik: "Edozer egiteko prest gaude, baita Espainiako Gobernuarekin erreferenduma adosteko ere", gaineratu du.

Agiria

Manifestazioa amaitu denean, Gernikako Aberri Egunaren antolatzaileek agiri bat irakurri dute, eta horren arabera, "Euskal Herriaren etorkizunari buruz hausnarketa sakona egin eta urrats zehatzak definitzeko unea" da.

"Euskal Herriko herri askotan galdeketa prozesu zabala abian dela ospatu dugu aurtengo Aberri Eguna. Erabakitzeko fasean murgilduta gaude bete-betean, eta iraganeko menpekotasunera lotzen gaituen kateak eten eta etorkizunera jauzi egiteko garaia da", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Aberri Eguna Albisteak