Politika -
Aberri Eguna
Ahal Duguk uste du 'aberria' 'nortasun nazionaletik' harago doala
Era berean, kontzeptu horren inguruan hausnartzeko apostua egin nahi duela berretsi du Lander Martinezek, 'Euskadiko bake eta bizikidetza giroak ematen duen 'baretasunetik eta lasaitasunetik'.
Agentziak | Erredakzioa
Lander Martinez Ahal Duguko antolakuntza idazkariak eta alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan duenez, "aberria" "nortasun nazional" batetik harago doan kontzeptua da, eta "pertsona guztiak" bildu behar dituela, nahiz eta ez identifikatu ikur guztiekin. Era berean, kontzeptu horren inguruan hausnartzeko apostua egin nahi duela berretsi du, "Euskadin dugun bake eta bizikidetza giro berriak ematen duen baretasunetik eta lasaitasunetik".
Ahal Dugu da Aberri Eguna ospatzen duten alderdietatik abertzalea ez den bakarra. "Aberria" kontzeptuari buruzko tailerrak eta mahai-inguruak antolatu dituzte. Bihar, igandea, 12:00etatik aurrera, Nagua Alba alderdiko idazkari nagusiak eta Bernardo Atxaga idazleak "Zer da zuretzat aberria?" izeneko solasaldian hartuko dute parte.
Europa Press agentziak egindako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, "aberria ez dela dimentsio bakarreko sentimendua" proposatu nahi du alderdi moreak "Aberri Eguna /Patria abierta" lemapean. Izan ere, "guztiak batu" ditzakeen kontzeptu zabalagoa dela defendatu du Martinezek, ez soilik lurraldetasunarekin zerikusia duen sentimendu zehatza?.
"Guk beti esan dugu gure aberria jendea dela. Ulertzen eta ospatzen dugu aberria edo jendea anitza dela, gizona dela, emakumea dela, txiroak direla, migratu behar izan dutenak direla edo bizitza osoa hemen daramatenak direla", gaineratu du.
Hori dela eta, Martinezen aburuz, "aberria ez dela nortasun nazional batera mugatzen" azpimarratu du. "Ez da sentimendu nazional baten ospakizuna lurralde batean. Herrialde honek dituen behar sozialei lehentasuna emanez ere defenda daiteke aberria; inguruan dituzun pertsonen bizitza nola hobe daitekeen pentsatzea ere aberria da".