Politika -
ETA-ren armagabetzea
Zuppi artzapezpikua gatazken bitartekari gisa joan zen Baionara
Horixe adierazi du San Egidio komunitateak. Vatikanoak ere azpimarratu du Zuppi "norbanako moduan" joan zela, "ez Egoitza Santuaren izenean, ezta Boloniako artzapezpiku gisa ere".
agentziak | erredakzioa
Matteo Zuppi Boloniako artzapezpikua “lekuko moral” gisa joan zen Baionara ETAren armagabetzera, "nazioarteko adiskidetze prozesuetan parte hartzeagatik ezaguna" delako, San Egidio Komunitatea elkarte katolikoak prentsa-ohar batean argitu duenez.
Ohar horretan azaldu du "San Egidio Komunitateak bakea lortzeko egiten duen lanaren baitan" kokatzen dela Zuppiren presentzia.
Bestalde, Vaticanoaren prentsa bulegoak berretsi du Zuppi "norbanako moduan" joan zela, "ez Egoitza Santuaren izenean, ezta Boloniako artzapezpiku gisa ere".
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina "harrituta" agertu zen Zuppi Baionan izan zelako, eta berdin geratu omen ziren gainerako euskal prelatuak ere.