Politika -
ETA-ren armagabetzea
Armategiaren informazioa eskatu dio Auzitegi Nazionalak Frantziari
Eskari horren aurretik ere Frantziak aurreikusita zuen adituen azterketen emaitzen berri Espainiari ematea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak erregu mandatua igorri dio Frantziako Justiziari, ETAk apirilaren 8an entregatutako armategiaren inguruko informazio eta azterketa guztiak Espainiarekin parteka ditzan.
Iturri juridikoek baieztatu dutenez, dokumentu horren bitartez hainbat eskaera egin dizkio Auzitegi Nazionalak Frantziari: ETAk entregatutako armategiaren berri izatea, adituek lehergaien eta armen inguruan egindako azterketak eskuratzea, eta hatz-marken, hondar biologikoen eta DNA hondarren inguruko informazioa izatea.
Aurreikusita zegoen Frantziak informazioa Espainiari ematea
Agintari frantziarrek asteburua abiatu zuten ETAk zortzi armategiren kokapena entregatu ostean armak jaso eta aztertzeko prozesua.
Orain, jasotako armak banan-banan aztertu beharko dituzte eta arma bakoitzeko akta bat egin beharko dute. Ondoren, Frantziako Justiziak adituen azterketen emaitzen berri emango dio Espainiako Justiziari eta, horri esker, baliteke argitzeke dauden zenbait ekintza eta atentatu argitu ahal izatea.
Antza denez, armak manipulatu gabe eta erabiltzeko moduan daude; Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, hain zuzen ere, hori izan da armagabetze prozesuaren baldintzetako bat.
"Ez badituzte deuseztatu, armek balioko dute adituek azterketa bat egiteko, eta hori izan da armagabetze prozesuaren baldintza bat, legala izan behar zuen, eta, legala izateko, armak suntsitu gabe egon behar ziren, eta uste dugu horrela izango dela", azaldu zuen.
Entregatutako armen inbentarioa
ETAk, guztira, 120 suzko arma, hiru tona lehergai eta hainbat kilo munizio eta detonagailu entregatu zituen, bakearen artisauek zehaztu zutenez.
Aipatutako armategiak Akitania eta Okzitania eskualdeetan zeuden. Zehazki, armategi batzuk Araujuzon, Maslacq, Viellenave de Navarrenx eta Senpere (Lapurdi) herrietan zeuden, eta gainerakoak bi herri arteko zenbait gunetan: Etxarri (Zuberoa) eta Azpilda herrien artean; Barkoxe (Zuberoa) eta Aramitze artean; Audaux eta Castetbon artean, eta Lahontan eta Carresse-Cassaber artean.