Politika -
Kartzela politika
Idoia Lopez ETAko kide historikoa Euskadiko espetxe batera eraman dute
Lopez Riañok sinatu egin du ETAtik aldentzeko idatzia, eta Barne Ministerioari igorri dio. 23 hilketa egozten dizkiote. Joseba Arizmendi ere eraman dute Langraizera.
Erredakzioa
Idoia Lopez Riaño ETAko kide historikoa Langraizko (Araba) espetxera eraman zuten duela hilabete inguru, Granadako Albolote espetxetik, erakunde terroristatik aldendu eta gero, Europa Press agentziak informatu duenez.
Aipatu iturrien arabera, Lopez Riañok (gutxienez 23 hilketa egozten dizkiote) sinatu egin du ETAri uko egiteko idatzia, eta Barne Ministerioari igorri dio.
Azken urteetan, Ministerioak ETAtik aldendu diren hainbat preso ekarri ditu Euskadira edo Euskaditik gertu dauden espetxeetara, eta, aitzitik, urrundu egin ditu ETArekin leial jarraitzen duten beste asko.
Langraizko espetxean, adibidez, ETAri uko egin dioten preso batzuk daude. "Langraizen ez dago ETAko presorik", esan zuen Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak duela egun batzuk. Kartzela politika honen lehen albistea 2008ko abenduaren 10ean publikatu zuten hedabideek. Orduan, Rubalcabak aitortu egin zuen hainbat preso gerturatu zituztela, baina beste asko urrundu egin zituztela gaineratu zuen.
Idoia Lopez Riaño 1994ko abuztuaren 25ean atxilotu zuten, Frantzian. Herrialde hartan bost urteko kartzela zigorra bete zuen, gaizkile talde bateko kide izatea egotzita, eta 2001ean espainiaratu egin zuten, 23 hilketa egotzita epai zezaten.
Auzitegi Nazionalak 1.572 urteko espetxe zigorra ezarri zion Madrilgo Dominikar Errepublika plazaren atentatua dela eta (1986an izan zen, eta horretan 12 guardia zibil hil zituzten eta beste 77 pertsona zauritu).
Joseba Arizmendi ere Langraizera
Lopez Riaño ez ezik, Joseba Arizmendi ere eraman dute Langraizera, damutze idatzia sinatu eta gero. Kasu honetan Barajozetik lekualdatu dute.
Arizmendik Francisco Robles guardia zibilaren hilketan parte hartu zuen Pasaian (Gipuzkoa), 1991ko maiatzean, eta Raul Sanchez herritarrarenean, Errenterian, handik eta hilabete batera.
PPren salaketa
PPk salatu egin du lekualdatzea, "terrorismoaren biktimen oroimena" iraintzen duelako. Halaber, "ETAren emakumezko terrorista odoltsuena" saritu izana kritikatu du.
"Ustezko damutze hauek adarra jo nahi dute, espetxean onurak lortzea baino ez baitute helburu. Ez dute barkamena eskatu eta ez dira damutu", esan du.