Politika -
Auzitegi Nazionala
Urrusolo Sistiagari 119 urteko espetxe-zigorra ezarri diote
Auzitegiko magistratu batek boto partikularra eman du, ETAko kidea absolbitu behar zutela uste duelako, froga nahiko ez daudelako.
Erredakzioa
Joseba Urrusolo Sistiaga ETAko ''Madril talde''ko kide ohiari 119 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak, hiru polizia hil ziren atentatuan kolaboratzeagatik. Auzitegiko magistratu batek boto partikularra eman du, Urrusolo absolbitu behar zutela uste duelako, froga nahiko ez daudelako.
Atentatua 1991ko uztailaren 1ean jazo zen, Villaverden (Madril). Bonba-pakete batek eztanda egin zuen mezularitza enpresa batean. Justizia Ministerioko kargudun bati igorri zioten paketea Valladolidetik, baina ez zuten onartu eta garraio-enpresari itzuli zioten.
Arandako enpresako bulegoetara egindako telefono dei batek bonba-paketeaz ohartarazi zuen. Horrela, Poliziako artezilariak lehergailuaren bila joan ziren. Bonba indargabetzen saiatzen ari zirenean, lehergailuak eztanda egin zuen eta Luis Claraco Lopez ofiziala eta Pedro Dominguez Perez inspektoreordea hil zituen berehala. Era berean, Jose Luis Jimenez Barrero ofiziala oso larri zauritu zuen eta gutxi geroago ospitalean hil zen. 324.535 euroko kalte materialak eragin zituen eztandak.
Beharrezko laguntzailea
Atentatua egiteko Urrusolo Sistiaga beharrezko laguntzailea izan zela erabaki du Auzitegi Nazionalak. ETAko taldea desegin zutenean, 1992an, agenda bat atzeman zuten eta bertan Justizia Ministerioko helbidea agertzen zen. Era berean, mezularitza enpresen datuak agertzen ziren, ihes egindako ETAko kide batek idatziak. Bonba-paketea identifikatu gabeko emakume eta gizonezko batek bidali zuten Valladolidetik mezularitza enpresaren bidez.
Helburu terroristarekin erasoa egitea egotzita 28 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Sistiagari epaiak, hilketa terroristagatik 28 urteko bi espetxe-zigor, beste 24 urte hilketa zapuztu batengatik eta 11 urte gehiago eragindako kalteengatik. Gainera, hiru polizien alargunei 250.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko die, eta biktimen zortzi seme-alabei, 125.000 euro bakoitzari.