Politika -
ETA-ren armagabetzea
Jaurlaritzak ez du apirilaren 8ko Baionako ekitaldietan parte hartuko
Josu Erkorekak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren egitekoa armagabetzeari dagokionez larunbateko 10:30ean amaituko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur iragarri duenez, Jaurlaritzak ez du parte hartuko 'bakearen artisauek' larunbaterako Baionan antolatu dituzten ekitaldietan. Are gehiago, ez Iñigo Urkullu lehendakaria ez Gobernuko sailburuak ez dira Baionan izango. Erkorekaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren egitekoa ETAren armagabetzeari dagokionez larunbateko 10:30ean amaituko da, hots, Baionako ekitaldiak hasten direnean.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Erkorekak adierazi duenez, "benetan garrantzitsuena" ETAren armagabetzea "legezkoa, osoa, egiaztatua eta ordainik gabekoa" izatea da.
Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, armagabetzea nola gauzatuko den "bigarren mailako gaia da, are gehiago hilaren 8an egingo diren ekitaldiak". Nolanahi ere, armagabetzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egiteko duena hilaren 8an, 10:30ean, amaituko dela azpimarratu du.
Jaurlaritzak "deitu eta antolatu ez duen ekitaldi batean" ez duela parte hartuko gaineratu du. "Eusko Jaurlaritzak ez du behin ere apirilaren 8ko ekitaldietan parte hartzeko asmorik izan eta ez du hori antolatzen lagundu", azaldu du.
Erkorekaren arabera, lehendakariak bere esku dagoen guztia egingo du ETAren armagabetzea ezarritako baldintzetan egin dadin. Armagabetzea legezkoa eta "erabatekoa" izango dela ziurtatu nahi du Jaurlaritzak, eta ETAk emango duen armategiaren tamaina "sinesgarria" izatea espero du.
Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak egiaztapenak egingo ditu ETAk ematen duen armategia benetan duena den frogatzeko. Dena den, armagabetze prozesu batean ezinezkoa da arma guztiak entregatu diren ziurtatzea, gaineratu du.
Bestalde, Jaurlaritzak larunbatetik aurrera ere indarkeriaren amaiera ordenatua sustatzeko lanetan jarraituko duela nabarmendu du.