Politika -
Murtziako Gobernua
Pedro Antonio Sanchez Murtziako presidenteak dimisioa eman du
Bere kontrako zentsura-mozioa egin bezperan eman du dimisioa. Velasco epaileak Punica auzian inputatzeko eskatu du, eta Auditorio auzian ere inputatu zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Antonio Sanchez Murtziako Gobernuko presidenteak dimisioa eman du gaur, PSOEk bultzatuta, Murtziako Parlamentuan bere kontra zentsura-mozioa egin bezperan.
Atzo, Punica auziko Eloy Velasco instrukzio-epaileak Pedro Antonio Sanchez auzipetzeko eskatu zion Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiari, ustez, funtzionario-eroskeria, iruzurra eta informazioa ezagutaraztea leporatuta.
Bihar zen hastekoa Sanchezen aurkako zentsura-mozioaren eztabaida Murtziako Parlamentuan. PSOEren ekimenak Podemos taldearen babesa zuen, eta Ciudadanos ere mozioa babesteko prest agertu da, hauteskundeak deitzen badituzte.
Martxoaren hasieran Auditorio auzian inputatu zuten, Puerto de Lumbreras udalerriko alkate zela azpiegitura bat esleitzeko eta eraikitzeko garaian ustezko ustelkeria leporatuta. Pedro Antonio Sanchezek martxoaren 6an deklaratu zuen epailearen aurrean ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, iruzurra, prebarikazioa eta faltsukeria delituak egotzita.