Politika -

Elkarrizketa ETB-n

'Armagabetzeari zentzua emateko ekitaldia izango da apirilaren 8koa'

Mixel Berhokoirigoinek esan du ez dutela ekitaldi instituzionalik antolatu, baina espero duela erakundeak ere Baionan izatea. Mezu garrantzitsu bat irakurriko dutela iragarri du.

Berhokoirigoien, elkarrizketaren une batean. EiTB
Mixel Berhokoirigoien. EiTB
'Instituzioek parte hartzea nahi dugu'

0:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Historikoa" eta "orain arte posible ez zena posible eginen duena". Hala deskribatu du Mixel Berhokoirigoin Luhusoko taldeko kide eta 'bakearen artisau' izenarekin ezagutu dituzten boluntarioetako batek apirilaren 8an Baionan egingo duten ekitaldia. Horren hitzetan, armagabetzea ez da bakarrik "gauza mekaniko edo tekniko bat", eta horregatik, prozesuari "zentzua" emateko antolatu dute 'Armagabetzearen Eguna' deitu dutena. Berhokoirigoinek iragarri duenez, "mezu garrantzitsu bat" irakurriko dute ekitaldian.

ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan elkarrizketatu dute Berhokoirigoin, eta apirilaren 8aren kontura zabaldutako zurrumurruetako bat gezurtatu du. Bertan adierazi duenez, egun horretan ez da ekitaldi instituzionalik izango, hori erakundeei baitagokie. Halere, erakundeak ere Baionako ekitaldian izatea espero duela esan du. Izan ere, nabarmendu duenez, apirilaren 8koa "ez da bakearen artisauen lana bakarrik izan, instituzioak mobilizatu dira, adituak, elkarteak... denen lanaren emaitza izango da".

Galdetu dioten arren, Berhokoirigoinek ez du armagabetze prozesuaren inguruko xehetasunik eman nahi izan, baina "osoa" eta "egiaztatua" izango dela esan du. Horren ildoan, Frantziako eta Espainiako gobernuek armagabetzea "oztopatu" egingo ez duten itxaropena du, eta prozesua "ondo egin dadin" lanean ari direla azpimarratu du.

Baionako ekitaldiari dagokionez, "mezu garrantzitsu bat" irakurriko dutela igarri du. Horren esanetan, "hitzaldiak markatuko du iragana, eta baita nahi dugun etorkizuna ere".

Berhokoirigoinen hitzetan, apirilaren 8a "historikoa" izango da, "bake bidea trabatzen zuen arroka handi hori bide bazterrean" jarri delako. Hala, hortik aurrera, "posible izanen da orain arte posible izan ez dena", eta aurrerantzean ere "beste pauso batzuk" egongo direla hitzeman du.

Baionako ekitaldia "anitza eta jendetsua" izango dela ere iragarri du. "Anitza izango da, jendetsua, Iparraldeko eta Hegoaldeko jende zama handia egongo da, baita eremu zabalagoetakoak ere. Frantziako Estatutik etorriko dira, Europatik...", nabarmendu du. Ospakizun eguna barik, "serioa, errespetuz betea" izango dela zehaztu du Luhuson atxilotutakoak.

Armagabetzeko egunari berari garrantzia kentzen diotenen aurrean, galdera egin du Berhokoirigoinek: "Armagabetzea albiste ona ala txarra da? Berri ona bada, ez da tentsioa erantsi behar. Baldintza guztiak bete nahi ditugu berri ona izan dadin". Armagabetzea egindakoan, abiatzeko dagoen bidea "konplikatua eta luzea" izango dela aitortu du 'bakearen artisauak', baina "posible" izango da behintzat, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea berriak ETA gaur Baionako bideoak Gaurko azken ordukoa Adiskidetzea Euskadin