Politika -

Lehendakaria AEBetan

Euskal unibertsitatearen gaitasuna 'saldu' du Patxi Lopezek Berkeleyn

Kaliforniako Unibertsitatearekin bi hitzarmen sinatu dituzte EHUk eta Deustuko Unibertsitateak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal unibertsitateak erakunde akademiko "oso gaitu" gisa aurkeztu ditu Patxi Lopez lehendakariak, gogoeten, eztabaiden, proposamenen eta ikerketen bidez munduko jakituriaren garapenari laguntzeko kapaz direlako. Kaliforniako (Berkeley) Unibertsitatean egin ditu adierazpenak lehendakariak.

AEBetara egiten ari den bisitako hirugarren egunean Lopez Berkeleyn izan da. Kaliforniako Unibertsitateak, EHUko Biofisika laborategiak eta Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunaren Euskal Institutuak bi hitzarmen sinatu dituzte. Euskadiko sistema unibertsitarioa zientzian eta teknologian puntako erakunde batekin "lotzen" dute bi akordioek, lehendakariaren hitzetan.

Euskal unibertsitateen kalitatea eta gaitasuna defendatzeko aprobetxatu du agintariak. Ekitaldian Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Jose Luis del Val errektoreordea eta Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea bertan izan dira. Era berean, Pedro Luis Arias Unibertsitate sailburuordeak lagundu du lehendakaria.

"Euskadi gaur munduari gero eta irekiago dago, eta gure unibertsitateak ez dira salbuespena, eztabaidari laguntzeko, ideiak, balioak eta adimena garatzeko prest daude", adierazi du lehendakariak.

Bi hitzarmen

Lehen hitzarmenak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Biofisika Unitatea eta Kaliforniako Unibertsitateko Bustamante Laborategia lotu ditu. Felix Goñik eta Carlos Bustamantek zuzentzen dute laborategia. Horrela, Bustamante Laborategiak EHUko Biofisika Unitateari mintz proteina mekanismoen laborategi bat muntatzen lagunduko dio.

Bigarren hitzarmenean, Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunaren Euskal Institutua (Orkestra) eta Kaliforniako Unibertsitateko Informazio Eskola harremanetan jarri dira. Enpresen lehiakortasuna, berrikuntza prozesuak eta hirigintza egitasmoak hobetzeko, politika ekonomikoen aplikazioan aurrerapausoak ematea izango du helburu hitzarmenak.

Akordio hauek zerrenda luze bateko lehenengo biak izatea espero du lehendakariak. Lopezen ahotan, hitzarmenetan "Berkeleyn batera bizi diren bi arimak daude, unibertsitate berezia delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea