Politika -

Ikurrina jarri ahalko da

Nafarroako Ikurren Legea, bertan behera

Lauko gobernua osatzen duten taldeen babesarekin atera da aurrera lege-proposamena; aldiz, UPNk, PSNk eta PPNk kontrako botoa eman dute.

Lau pertsona zigortu zituzten 2013an, sanferminetako txupinazoan, ikurrina jartzeagatik. EFE
2013an ikurrina erraldoia paratu zuten hainbat lagunek Iruñean. EFE
Bertan behera geratu da 2003tik indarrean zegoen ikurren legea

1:21

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Parlamentuak Nafarroako Ikurren Legea (2003) baliogabe utzi du du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdien babesarekin. Horrenbestez, bertan behera geratu da Nafarroako udaletxeetan ikurrina jartzea zigortzen zuen debekua.

Eztabaida tentsioarekin abiatu da UPN eta PPN alderdietako parlamentarioek Nafarroako banderak erakutsi ostean I-E alderdikoek errepublikakoa atera baitute. Horren aurrean, lehendabizikoek errepublikako bandera "konstituzioaren kontrakoa" dela esan dute.

 

Liskarra Nafarroako Parlamentuan
Liskarra Nafarroako Parlamentuan
Liskarra Nafarroako Parlamentuan

 

Batzuek zein besteek ez dituzte ateratako banderak kendu, eta horrek UPN eta PPNko parlamentarioak Parlamentutik alde egitea eragin du. Dena dela, bozketan bai parte hartu dute, eta bertan, PSNrekin batera, kontrako aldartea agertu dute.

Indargabetzeko "arrazoiak"

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E taldeen aburuz, Ikurren Legea "baztertzailea" da, "debekatu, zigortu, eta inposatu" egiten baitu. Lege-proposamenean jaso dutenez, "bazterketaren bidetik" eta "ikurrak debekatuta" ez da konponbiderik etorriko. Are gehiago, 14 urteotan ikurren inguruko "liskarra areagotu" egin dela deitoratu dute. Gorteen ereserkia Nafarroako ereserkia izateko xedapen iragankorra ere aurkeztu dute taldeek.

Horrenbestez, azalpenen txandan, Adolfo Araizek (EH Bildu) azaldu du 2003ko legeak ez zuela "Nafarroa anitza islatzen", eta ekimenaren planteamenduan jasotako argudioak izan ditu hizpide. Bestalde, Nafarroako Kontseiluak asteartean argitaratutako txostenean aipatzen zuen "ziurgabetasun juridikoa" ez dela gertatuko iritzi dio.

Ildo beretik jardun da Koldo Martinez (Geroa Bai) ere. Bere esanetan, lege "baztertzaile eta zigortzaile" horren baliogabetzearekin Nafarroak "ez ditu bere sinboloak galtzen", Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan araututa jarraitzen baitute. Ohartarazi duenez, erkidego guztietan ez dago horri buruzko araudirik, eta arbuiatu egin du UPN eta PPNko kideek egindako "antzerkia" eta planteatu duten "banderen guda".

Mikel Builek (Podemos) txalotu egin du "baztertzailea" den legea indargabetu izana. Halaber, bere aldeko botoa justifikatzeaz gain, aldeko boto horrekin "elkarbizitza eta aniztasuna ez zigortzea" bilatu dutela gaineratu du.

I-E alderdiko Jose Miguel Nuinen hitzetan, Ikurren Legeak bere egunean ekarri zuen "berrikuntza bakarra debekua" izan zen. Nola EBk ez zuen bere garaian hura babestu, gaur hura baliogabetzearen alde egitea "koherentziari eustea" dela uste du. "albiste ona" izateaz gain.

Bere aldetik, Javier Esparzak (UPN) ohartarazi duenez, ekimena defendatzeko txanda Araizek erabili izanak garbi erakusten du "Erkidego honetan nork agintzen duen". Gaurkoan, "asmatutako Euskal Herria baten aldeko proiektu politiko nazionalista alderdikoiari bide emateko beste urrats bat" eman dela esan du Esparzak.

PSNko Maria Chiviteren esanetan, berriz, "auzi hori ez da ezinbestekoa nafarrentzat, baina garrantzitsua eta nahitaezkoa da euskal proiektu nazionalistarentzat". Bere aburuz, gaur onartutakoak "nafarrak bereizten ditu" eta "aurrerapausoa da eraikuntza nazionalistaren bidean".

Azkenik, Ana Beltran (PPN) oso kritiko agertu da, eta "Nafarroa ikurrez umezurtz uztea" leporatu dio lauko gobernuari. Bere iritziz, Uxue Barkos presidentea dago horren guztiaren atzetik, eta hari ohartarazi dio legea indargabetzeak ez dakarrela berekin Nafarroan ikurrina legeztatu egotea. Azkenik, gaurko erabakiak "istiluak" eragingo dituela iragarri du.

"Ziurgabetasun juridikoa"

Nafarroako Kontseiluak txostena kaleratu zuen asteartean aferaren inguruan. Horren arabera, indargabetzea ez da Konstituzioaren kontrakoa, baina "ziurgabetasun juridikoa" sor lezakeela ohartarazi du. Hori dela eta, arazoak saihesteko, ikurren inguruko lege berria adostea izango da indar politikoen hurrengo erronka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika UPN Nafarroako albisteak Nafarroako Gobernua Ikurrina Nafarroako PP