Politika -

Autogobernu lantaldea

Uriarte: 'Ia botere politiko guztia transferitzea posible da'

EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslearen esanetan, Espainiaren batasunari dagozkien eskumenak salbu, Euskadik bere gain hartu ahal izango botere politikoa.

Autogobernu lantaldea. Artxiboko argazkia: EiTB
Autogobernu lantaldea. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak gaur ziurtatu duenez, Euskadik Estatu espainiarraren "botere politiko ia-ia guztia" bere gain hartu ahal izango luke. Haren esanetan, Espainiako Konstituzioa ez da muga eta, are gehiago, "borondate politiko" kontua da.

Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi ohi eta EHUko irakasle ere badena izan da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean hitz egiten lehena, Elkarrekin Podemosek eskatuta.

Uriarte itun politiko berri baten alde mintzatu da. Ez hori bakarrik, euskal autogobernuaren balizko erreforma "eredu sozial eta ekonomiko berri bat" eraikitzeko baliatu behar dela azpimarratu du.

Haren esanetan, autogobernuari buruzko eztabaida identitate eta lurralde auziez harago doa. Ildo horretan, hiritarren eskubideak indartu eta "botere harremanak" aldatu behar direla gaineratu du.

Azpimarratu duenez, euskal nazioa eta espainiarra -gainerako nazioak bezalaxe- kontzeptu "artifizialak" dira, "tradizioetan eta historiaren interpretazioetan oinarrituta" daudenak.

Bestalde, erreferendumak hizpide izan ditu. Hiritarrei galdetzearen alde agertu bada ere, galdeketak egiten diren moduak "arriskuak" dituela ohartarazi du. Haren esanetan, erreferendumen % 99 manipulatuta daude eta gehienak Gobernuek antolatzen dituzte oposizioarekiko duten posizioa indartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Eguneko albisteak