Politika -
Memoria
Gerra Zibileko gudari baten gorpuzkiak hobitik atera dituzte Legution
Eusko Jaurlaritzaren arabera, 'aurkitutako hondakinak euskal gudari batenak dira, 1936aren amaiera aldera hildakoa ziur aski, euskal armadak Gasteizko hiria hartzeko ofentsiban'.
eitb.eus
Aranzadi elkarteko teknikari talde batek, Paco Etxeberria antropologo forentseak zuzenduta, Gerra Zibileko gudari baten gorpuzkiak atera dituzte lurpetik gaur goizean, Legution (Araba). Lanen nondik norakoak jarraitzen, besteak beste, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria egon da.
Gudari horren gorpuzkiak ustekabean aurkitu ziren joan den urteko martxoaren amaieran, Albertia mendiaren igoeran, Legutioko hirigunetik nahiko urrun dagoen pinudien lursail batean.
Hezur-hondakinak aurkitu zituzten ehortzita (ezkerreko sorbalda-hezurraren zatiak, lepauztai bat eta saihets hezurrak) baita kartutxogintzako material ugari eta larrua ere, Gerra Zibileko gudari baten kartutxeretakoak.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, "aztarnengatik, aurkitutako hondakinak euskal gudari batenak dira: 1936aren amaiera aldera hildakoa ziur aski, euskal armadak Gasteizko hiria hartzeko ofentsiban zehar, Villarrealeko gudu ezagunari hasiera eman zion hartan".
Ezenarrok adierazpenak egin ditu lekuan bertan. Bere aburuz, "80 urte pasatu dira hemen erasoaldia izan zenetik. Urte asko dira bertan hildako guztien gorpuzkiak berreskuratzeko. 1.000 pertsona inguru hil ziren, faxismoari aurre eginez eta euskal Gobernu demokratiko baten alde. Bidegabea izan zen gerra bat pairatzeaz gain, ahanztura pairatu dute pertsona horiek, 80 urteko ahanztura. Orain, guri dagokigu, erakundeoi eta gizarteari, pertsona horiei dagokien duintasuna eta memoria berreskuratzea. Ahanzturatik atera eta memoriara ekarri behar ditugu".
Hobien plana
Eusko Jaurlaritzak 2002az geroztik dihardu lanean Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015aren amaieran, hobiak ikertu eta lokalizatzeko 2015-2020 Euskal Plana aurkeztu zen.
Urte honetan zehar, hiru deshobiratze egin dira: lehena Txaldatxur mendian, Donostian (urtarrilak 28), bigarrena Urkulu mendian, Larrabetzun (otsailak 4) eta gaurkoa, Legution.