Politika -
Epaiketa
Absolbitu egin dute ETA goratzea leporatuta epaitu duten txiolari bat
Auzitegi Nazionalaren arabera, adierazpen horiek ez dute terrorismoaren gorapen deliturik suposatzen, pertsona jakin horren iritziak edota desioak besterik ez baitira.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du terrorismoa goratzea leporatuta asteazken honetan epaitu duten txiolaria. Twitterren ETAren aldeko iruzkinak zabaltzea egotzita, bi urteko kartzela-zigorra eskatzen zuten gaztearentzat. Dena dela, Luis Carrero Blancoren hilketari buruz egindako adierazpen horiek ez direla terrorismoaren gorazarre ebatzi du epaitegiak.
2010 eta 2016 urte bitartean, A.T.k hainbat iruzkin egin zituen bere Twitter kontuan (@Gudari75): “Eskuin muturreko buruzagien goi-bilera hartuko du Erromak larunbat honetan. Bertan guztiak biltzen direla aukera izanik… ‘Carrero’ bat ez litzateke gaizki egongo”, edo “Juan Carlos Lehena, Carrero baino altuago!!”, #errepublika eta #boikotaldiscursodelrey (erregearen diskurtsoari boikota) traolekin batera.
Gaztea absolbitzeko erabakia hartu duten bi epaileek nabarmendu dutenez, aurreko mezu horiek ez dute indarkeria defendatzen ezta terrorismoa goratzen. Ildo horretatik, ez dagoela deliturik ebatzi du Auzitegi Nazionalak.
Kasu honen harira, asteazken honetan antzeko beste kasu bat epaitu dute. Cassandra, Luis Carrero Blancoren hilketaz barre egin zuen Murtziako txiolariak defendatu duenez, "txiste bat ez da terrorismoari gorazarre egitea", Atentatu horren inguruko adierazpenak "urte askoz Espainia osoan zehar egin dituztela" ere azpimarratu du.
Fiskaltzak Cassandraren zigor-eskaera murriztu egin du, bi urte eta sei hilabetetik, urtebeteko kartzela-zigorrera. Gauzak horrela, ez da kartzelan sartuko.
Beste akusatuari dagokionez, berriz, ebazpenak argi utzi du Twitterren zabaldutako txioek ez dutela deliturik suposatzen, eta adierazpen horiek pertsona jakin horren iritziak edota desioak besterik ez direla.