Politika -

Akordioa

‘Mozal legea’ aldatzeko lehen urratsa eman du Kongresuak

Alderdi Popularra, berriz, EAJk eta PSOEk aurkeztutako bi lege proposamen kontra agertu da. Dena dela, Kongresuak tramitera onartu du Herritarren Segurtasun Legea aldatzeko proposamena.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Kongresuak lehenengo pausoa eman du 'Mozal legea' aldatzeko

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuko oposizioko alderdi politiko guztiek ‘mozal legea’ aldatzeko lehen pauso erabakigarria eman dute astearte honetan. Askatasunaren eta segurtasunaren artean oreka bilatzeko asmoz EAJk eta PSOEk aurkeztutako bi lege proposamen tramitera onartu dituzte. Alderdi Popularraren arabera, berriz, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiak bultzatu zuen Herritarren Segurtasun Legeak ez ditu herritarren eskubideak murriztu.

Alderdi Popularrak 2015. urtean onartu zuen ‘mozal legea’, gehiengo osoa zuenean. Astearte honetan, aldaketa batzuk ezartzeko EAJk eta PSOEk aurkeztutako bi lege proposamen bozkatu dituzte Diputatuen Kongresuan. Dena dela, oposizioko alderdi gehienen arabera, sozialisten proposamenak ez luke arazoa konponduko. Zehazki, segurtasun lege berria adostea proposatu dute sozialistek, baina, bitartean, 1992an onartutako Corcuera legea sartuko litzateke indarrean berriz (2011n bertan behera utzi zuten).

Kongresuaren eta Senatuaren aurrean elkarretaratzeak egiten dituzten herritarrei zigorrik ez jartzea exijitu du PSOEk. Era berean, Poliziaren argazkiak erabiltzen dituzten pertsonak ez zigortzea eskatu du. Gainera, kazetariei material grafikoa konfiskatzeko aukera indargabetzea galdegin du. Bestalde, toki publikoetan erregistrorik ez egitea eskatu du, eta autoritateari edota segurtasun indarrei errespetua faltatzekotan arau-hauste larria ez suposatzea exijitu du.

EAJk egindako proposamenari dagokionez, Herritarren Segurtasun Legearen puntu polemikoenak aldatzea aurreikusi du, herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatu ditzan. Mikel Legarda EAJren alderdikideak nabarmendu duenez, “askatasunaren eta segurtasunaren artean oreka lortu behar da, herritarren segurtasuna baldintza bat delako, ez baldintzatzaile bat”.

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak ere aurretik aipatutako oreka hori bilatu behar dela berretsi du. Bere esanetan, Espainiako Gobernuak herritarren oinarrizko eskubideak “zapaldu” nahi ditu, eta ‘mozal legeak’ ez ditu herritarren eskubideak bermatzen. Ildo horretatik, lege horren bidez sare sozialetako erabiltzaileak, kazetariak eta “ehunka eta ehunka pertsona” jarraitu dituztela salatu du.

Beste alde batetik, Jose Alberto Martin-Toledano PPko Barne ministroaren bozeramaileak Herritarren Segurtasun Legearen alde agertu da. Bere iritziz, oposizioko alderdi politikoek “premisa okerrak” erabiliz kritikatu dute legea, eta horren aldaketa eskatzeko orduan “adierazpen demagogikoak” egin dituzte, zaharkituta dauden argudio politikoak erabiliz.

Ciudadanos alderdiak, berriz, EAJren proposamena babestu egingo duela iragarri du astearte honetan, baina askatasuna eta segurtasuna bat datozela ziurtatu du. Era berean, 1812ko konstituzioak herritarren eskubideak eta askatasuna bermatzeko aukera Cadizko Gorteen esku uzten zuela nabarmendu du. Ildo horretatik, aukera hori berriz aztertzeko proposatu du.

Podemosen arabera, ‘mozal legea’ herri xehearen haserrearen ondoren sortu zuten. Alderdi horren esanetan, Mariano Rajoyren Gobernuak onartutako murrizketen aurrean herritarrak protesta egiteko kalera irten zirenean egin zuten lege hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra Espainia albisteak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Podemos Madril albisteak gaur