Politika -

ETA-ren armagabetzea

Armagabetzeari buruzko informazioa jakinaraziko dio Urkulluk Rajoyri

Josu Erkorekak ziurtatu duenez, Jaurlaritzak zubi lana egingo du solaskideen artean, prozesuari babes instituzionala emango dio eta egoera ebaluatuko du Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearekin.

Iñigo Urkullu eta Mariano Rajoy. Artxiboko argazkia: EiTB
Lehendakariak eskura dituen datuak emango dizkio Rajoyri

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren armagabetzeari buruzko "datu aipagarriak" baldin badaude, Iñigo Urkullu lehendakariak informazio berri guztia jakinaraziko dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, izan aurrez aurreko bilera batean edo bestelako bitartekoen bidez, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur jakinarazi duenez. Aurreko astean, gai horri buruz hitz egiteko bilera egin zuten.

Gaurko gobernu bileraren ondoren Josu Erkorekak kazetarien aurrean emandako azalpenen arabera, Eusko Jaurlaritzak zubi lana egingo du ETAren armagabetze prozesuan nahasita dauden solaskideen artean, eta bere funtzioa "orain arteko bera" izango da.

Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzak zubi lana egingo du solaskideen artean eta egiteko zehatz bat izango du, armagabetze prozesuaren irizpide nagusiak betetzen direla bermatuko baitu.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearekin elkarlanean, uneko egoera zein den ebaluatuko du. Baldintza egokiak baldin badaude, prozesuari babes instituzionala emango dio, gainera.

Bestalde, Erkorekaren iritzian, Jaurlaritzak ezin du armagabetzeari buruzko bestelako daturik eman (data, tokia, parte-hartzaileak, etab.) eta ez du apirilaren 8ko ekitaldiari buruzko informaziorik.

Josu Erkorekaren hitzetan, lehendakaria ez da Frantziako Gobernuko ordezkariekin elkartu, eta ez omen du horretarako asmorik, baina ez du baztertu Urkullu Rajoyrekin berriro elkartzea. Armagabetzeari buruzko informazio guztia "leialtasunez eta argitasunez" emateko konpromisoa hartu zuen lehendakariak Espainiako presidentearekin, eta, informazio berririk izanez gero, jakinaraziko diola gaineratu du Erkorekak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Rajoy berriak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua argazkiak ETA gaur Gaurko azken orduko albistea Adiskidetzea Euskadin