Politika -
Frankismoa Iruñean
Frankismoko krimenen kontrako kereila bat aurkeztu du Iruñeko Udalak
Lau biktimek bat egin dute kereilarekin. Iruñean Frankismo garaian izandako 309 hilketa eta 1.014 espetxeratze ikertzeko eskatu dute.
EITB.EUS
Iruñeko Udalak, lau biktimaren senideekin batera, Frankismo garaian hirian izandako krimenen kontrako kereila bat aurkeztu du. Estatu mailan, frankismoan hiri batean gizateriaren kontra egindako krimenak ikertzeko eskatzen duen lehenengo salaketa da, Udalak ohar batean nabarmendu duenez.
Iruñeko Auzitegira joan dira goizean Joseba Asiron alkatea, udal gobernuko kideak eta lau biktimaren senitartekoak, eta kereilaren dokumentazioa aurkeztu dute.
Espainiako Gerra Zibilean eta Frankismo garaian Iruñean izandako 309 hilketa eta 1.014 espetxeratze ikertzeko galdegin dute kereilan, eta 17 kasu zehatz mahaigaineratu dituzte. Gainera, 17 horietatik lautan, biktimek eurek (Gloria Bosque eta Angel Sanz) edota haien senitartekoek (Moises Garjon eta Jose Roarenak) bat egin dute kereilarekin.
Zehatz jarrita, pertsona hauek pairatutakoak ikertzeko eskatu dute: Florencio Alfaro Zabalegui, Gregorio Angulo Martinena, Juan Elias Anton Murguiondo, Martin Arbizu Goñi, Pedro Belloso Garcia, Gloria Bosque Ezquer, Jose Luis Cano Pérez, Corpus Dorronsoro Arteta, Victorino Garcia Enciso, Moises Garjon Arostegui, Julian Carlos Goñi Ziganda, Jose Roa García, Mariano Saez Morilla, Tomas Salinas Beorlegui, Angel Sanz Montero, Amadeo Urla Aramburu eta Javier Urroz Dominguez.
Kereilak Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txostena du oinarri. Horren arabera, hirian 309 iruindar hil zituzten, gehienak epaiketarik egin gabe edo epai irmorik izan gabe. Horrez gain, 1.310 pertsonaren eskubideak urratu zituzten. Unibertsitateko ikerlarien esanetan, kasu gehiago egon litezke: 451 auziren berri izan dute, baina ezin izan dituzte frogatu. Ikerketa egin ondoren kasu gehiago agertuko direla uste dute.